Alkateak lehiakortasunaren eta kalitatezko enpleguaren aldeko itun handi bat proposatu du
Jon Insausti enpresekin, eragile ekonomikoekin, zentro teknologikoekin, unibertsitateekin eta erakundeekin bilduko da datorren astetik aurrera, hiriko ekonomia indartuko duen ibilbide-orri komun bat adosteko
2026/11/17 argitaratua
Jon Insausti Donostiako alkateak bilera sorta bat hasiko du datorren astean enpresekin, enpresa-erakundeekin, teknologia- eta ikerketa-zentroekin, unibertsitateekin eta prestakuntza-zentroekin, lehiakortasunaren eta kalitatezko enpleguaren aldeko itun handi baten oinarriak ezartzeko.
Helburua da ibilbide-orri bat adostea inbertsioak erakartzen jarraitzeko, enpresei hazten laguntzeko eta enplegua sortzeko. Eta ziurgabetasun ekonomikoko une batean dator, Europako industria zailtasunetan eta euskal enpresa-erakundeak lehiakortasuna galtzen ari direnean. "Zarata handia dago, eta seriotasunez lan egitea tokatzen da. Donostiak ekonomia indartsua du, baina hori ez da geldirik egoteko arrazoia. Arazoei aurrea hartu eta erabakiak hartu behar dira, eskutik helduta", adierazi du alkateak.
Insaustik donostiarrek sarritan helarazten dioten kezka batekin lotu du ekimena: bizitza gero eta garestiago dagoela. “Badago lana duen jendea hilabete amaierara oso justu iristen dena. Enplegu eta soldata onak behar ditugu, Donostian duintasunez bizi ahal izateko. Ekonomia hazten bada, hori jendearen bizitzan nabaritu behar da”.
Alkateak azken hilabeteetan enpresetara eta ikerketa-zentroetara egindako bisitei jarraipena ematen die, baita Eskusaitzetan, Miramonen, Zuatzun eta Martuteneko 27. poligonoan egindako topaketei ere. Parte hartuko dute, besteak beste, Adegik, Merkataritza Ganberak, Elkargik, AFMk, Ceitek, DIPCk eta BIC Gipuzkoak, bai eta unibertsitateek, prestakuntza-, merkataritza- eta ostalaritza-zentroek ere.
Bilera horietan, alkateak duela gutxi argitaratutako udal barometroaren azken datuak jarriko ditu mahai gainean, baita Adegik eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberak egindako azterketak eta prospekzioak ere. Horietatik eta jasotako proposamenetatik abiatuta, diagnostiko partekatu bat egingo da, eta, ondoren, Udalak hiri-topaketa bat deituko du konpromisoak eta neurriak ixteko. “Esertzea nahi dut, arazoei buruz argi hitz egitea eta bakoitzak arazoak konpontzeko zer egin dezakeen esatea”, azaldu du.
Zientzia, industria eta berrikuntzako hiria
Alkateak Donostiak industrian, biozientzietan, ikerketan eta teknologia aurreratuetan duen indarra azpimarratu du, eta horren adibide jarri ditu Eikonoklastes biofarmazia estatubatuarraren etorrera, Europako egoitza jartzeko hiria aukeratu baitu, eta Miramongo Parke Teknologikoa handitzeko aurreikuspenak.
"Eikonoklastesena albiste bat da. Donostia enpresa, industria eta zientzia hiria ere bada. Talentua eta ezagutza ez zaizkigu falta. Orain kalitatezko inbertsio eta enplegu bihurtu behar ditugu".
Azkenik, Insaustik itunarekin bat egiteko eskatu die erakundeei, enpresei eta eragile ekonomiko eta sozialei: "Donostiaren etorkizun ekonomikoa ez dago Udalaren esku bakarrik, ezta enpresa bakar baten esku ere. Elkarrekin lan egitea eta hitzetatik akordioetara pasatzea tokatzen da".