Donostiak Lankidetzaren, Elkartasunaren eta Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzaren V. Plan Zuzendaria (2026–2029) onartu du
Plan berriak indartu egiten du hiriak giza eskubideetan oinarritutako lankidetza eraldatzaile, feminista eta ekologistarekin duen konpromisoa
2026/05/06 argitaratua
Donostiako Udalak Lankidetzaren, Elkartasunaren eta Eraldaketa Sozialerako Hezkuntzaren V. Plan Zuzendaria (2026–2029) onartu du, hau da, datozen lau urteetan lankidetzarako udal politika gidatuko duen dokumentu estrategikoa. Desberdintasunak areagotzeak, krisi klimatikoak, atzeraldi demokratikoek eta giza eskubideen urraketa sistematikoek markatutariko testuinguru global batean sortua da plan hori, eta, dokumentuan bertan jasotzen denaren arabera, faktore horiek lankidetza «eraldatzaileagoa, feministagoa, ekologistagoa eta dekolonialagoa» eskatzen dute.
Iñigo García Aniztasun, Inklusio eta Ingurumeneko zinegotzi eskuordeak azpimarratu duenez, "nazioarteko lankidetza ez da politika urrun edo sinboliko bat; aitzitik, gure erantzukizuna asumitzeko modu bat da, desberdintasun sakonak ageri dituen mundu baten aurrean. Gatazkak, desplazamendu behartuak eta giza eskubideetan atzerapausoak ikusten diren testuinguru batean, eginbehar etiko eta politiko bat da lankidetza indartzea".
Tokian tokiko erantzunak eskatzen dituen diagnostiko globala
Plana nazioarteko testuinguruaren azterketa sakon batetik abiatzen da, eta datu bereziki esanguratsuak biltzen ditu:
- 1.100 milioi pertsona pobrezia multidimentsionalean bizi dira.
- Planetako % 10 aberatsenek munduko aberastasunaren % 76 metatzen du.
- Genero arrakalak, egungo erritmoan, 134 urte beharko ditu ixteko.
- 640 milioi emakumek baino gehiagok jasan dute bikotekidearen indarkeria.
- Nazioarteko Justizia Gorteak 2025ean adierazi zuenez, klima aldaketa giza jarduerak eragindako «arrisku unibertsal existentziala» da.
Dokumentuak ohartarazten du, orobat, diskurtso autoritario, matxista eta xenofoboak areagotzen ari direla, kriminalizatzen ari direla giza eskubideen defendatzaileak, eta gero eta urriagoak direla lankidetzara bideratutako nazioarteko funtsak.
Lehentasun argiak eta inpaktu mekanismoak dituen plana
V. Plan Zuzendariak helburu orokor bat lau printzipio transbertsal ditu:
- Giza garapen jasangarria.
- Elkartasuna eta erantzunkidetasun globala/lokala.
- Politika publikoen koherentzia eta kalitatea.
- Gardentasuna.
Era berean, lehentasunezko bost arlo zehazten ditu:
- Giza eskubideak defendatzea eta sustatzea.
- Partaidetza eta ikuspegi globala/lokala indartzea.
- Emakumeak ahalduntzea eta genero ekitatea.
- Jasangarritasun ekologikoa eta soziala.
- Hizkuntza berdintasuna eta aniztasuna sustatzea.
Konpromisoa % 0,7arekin eta politiken koherentziarekin
Dokumentuak lankidetzara bideratutako udal aurrekontuaren % 0,7rantz aurrera egiteko konpromisoa jasotzen du, kontuan izanik oraindik ez dela lortu helburu historiko hori. Era berean, politiken koherentzia indartzen du, kontuan izanik esparru hori erabakigarria dela Udalak merkataritza, ingurumen, berdintasun edo migrazio gaietan hartzen dituen erabakiak ez daitezen izan kontrajarriak lankidetza inspiratzen duten justizia globalaren printzipioekin.
Garcíak ondorioztatu duenez, "mundu justuago bat tokian-tokian hasten da. Elkartasuna ez da balio bat bakarrik: pertsonen zerbitzura diharduen politika publikoa egiteko modu bat da. Plan hau anbizio handiko ibilbide orri argi eta errealista bat da, giza eskubideekin konpromiso handiagoa duen Donostia solidarioago eta erantzunkideago bat eraikitzen jarraitzeko".