Udalak funtsezko urratsa eman du La Cumbre hiriaren ondare eta memoria demokratikorako gune izan dadin
Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du Estatuari formalki eskatzea jauregia doan lagatzea, memoria demokratikoa berreskuratu, babestu eta hedatzeko proiektu bat garatzeko
2026/11/17 argitaratua
Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizeko bilkuran onartu du Donostiako Udalak La Cumbre Jauregiaren doako lagapena jasotzeko eskaera formala aurkeztea. Izapide horrekin aktibatzen da ofizialki Memoria Demokratikoari buruzko 20/2022 Legearen babesean bultzatutako prozedura.
Erabaki horrekin, Udalak hainbat urtetako erakunde-lana eta hainbat administrazio, erakunde memorialista eta udal-talde politikorekin izandako elkarrizketa amaitu ditu, Estatuko legerian berariaz jasotako aldarrikapen bat gauzatzeko. Aldarrikapen horren arabera, La Cumbre Jauregia Donostiako Udalari lagako zaio memoria demokratikoarekin lotutako jardueretarako.
Jon Insausti alkateak azpimarratu duenez, "urrats honekin urteak trabatuta daramatzan korapiloa desblokeatzea lortu dugu, Donostiak memoria demokratikoarekin duen konpromisoa sakondu dezan. Txomin II-ren eremua birpartzelatzeko edota Tabalakeraren estalkia berrurbanizatzeko lortutako akordioak azken egunetakoak dira, eta orain, La Cumbre lagatzeko eskatzearen mugarriak berretsi egiten du erakundeen arteko agendari emandako azelerazio berria, donostiarrontzat akordio onuragarriak lortzeko Espainian legegintzaldia amaitu aurretik. Lanordu asko izan dira helarazi dugun proposamen honen inguruko akordioa zabaltzeko, eta gaur esan dezakegu Donostiako gehiengo zabal batek batera eskatzen diola Madrili memoria demokratikoa berreskuratu, zaindu eta zabaltzeari lotutako lagapen hori”.
Memoria demokratikorako gunea
Memoria Demokratikoaren Legearen hemezortzigarren xedapen gehigarriak ezartzen duenez, La Cumbreren etorkizuneko erabilera memoria demokratikoa berreskuratzera, zaintzera eta hedatzera bideratuta egongo da. Azken urteotan, Udalak harremanak izan ditu Estatuko Administrazio Orokorrarekin, etorkizuneko proiekturako eduki-proposamenak egin ditu, eta arlo horretan inplikatuta dauden gizarte-eragileekin eta erakundeekin lan egiteko eta kontrastatzeko guneak bultzatu ditu.
Giza Eskubideen Batzorde Ez Iraunkorrak jorratu du prozesua, eta Oroimen Historikoaren aholku Kontseiluarekin eta hainbat memoria-erakunderekin partekatu du; besteak beste, Lantxabe, Egiari Zor, Argituz, Mikel Zabalza Herri Ekimena, Lasa eta Zabalaren familiak eta Aranzadi, zeinek espazioaren etorkizunari buruzko ekarpenak egin ahal izan dituzten.
Adostutako proiektu bat
Lagapena gauzatzeko lehen urratsak 2023koak dira. Memoria Demokratikoaren Estatu Idazkaritzarekin egindako gestioen ondoren, Udalak "La Cumbre Jauregirako etorkizuneko proiektu baterako aurretiazko ideiak" dokumentua landu eta bidali zuen 2024an, eta dokumentu hori oinarri izan da ondorengo lanerako.
2025ean eta 2026an zehar, jarduketa berriak egin dira proiektuaren edukia zehazteko eta Estatuak eskatutako dokumentazioa osatzeko. Lan horren ondorioz, eta Giza Eskubideen Batzordearen hainbat bilkuraren ondoren, La Cumbre Jauregiak etorkizunean izango dituen memoria demokratikoko jarduerak biltzen dituen testu adostu bat lortu da.
Lagapen eskaera formala
Tokiko Gobernu Batzarrak onartutako erabakiak baimena ematen du Estatuko Administrazio Orokorraren aurrean lagapen eskaera eta administrazio izapidetzea osatzeko behar den dokumentazio guztia formalki aurkezteko.
Urrats horrekin, Udalak indartu egiten du memoria demokratikoarekin duen konpromisoa, bai eta La Cumbre hiriaren ondare publikoan sartzearekin duen konpromisoa ere, hausnarketarako, dibulgaziorako eta memoria kolektiboa zaintzeko gune ireki gisa.