Donostiako Udalak Illarrako Plan Orokorraren aldaketa onartu du etxebizitzen eraikuntza bizkortu nahian

Udalak 2022an onartutako Illarra, Villa Ereski eta Déposito eremuetako HAPOren aldaketa egokitu du etxebizitza babestuaren aurreikuspenak handitzeko

2026/09/01 argitaratua

​​​​​​Tokiko Gobernu Batzarrak hasierako onarpena eman dio Illarra, Villa Ereski (Munto) eta Depósito (Matia Fundazioa) eremuetako lurzatiei eta Erregeneako zenbait lursaili dagozkien Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aldaketa puntualari.

Onarpen horrekin, Illarran eraikitzea aurreikusten den etxebizitza babestuen ehunekoa % 75 izango da eta Villa Ereskin % 40:

  • Illarran 167 etxebizitza babestuak izatea espero da, 60 tasatuak eta 57 libreak.
  • Villa Ereskin, berriz, aurreikusitako 52 etxebizitzetatik 21 babestuak izango dira.

Jon Insausti alkateak nabarmendu duenez, "ez genuen Illarrako etxebizitzen proiektua atzeratu nahi, donostiarren beharrak erantzun zehatz eta azkarrak behar dituelako. Epaitegiek HAPOa aldatzea eskatu dute, eta minutu bat ere galdu gabe aldatzeko izapideak martxan jarri ditugu. Gainera, garrantzitsua da esatea epaiak zuzenean eragiten ez dien etxebizitzen proiektuak aurrera jarraitzen duela. Beraz, 38 etxebizitza libreren eraikuntzak aurrera jarraitzen du".

Horrela, onartutako dokumentuak Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren erabakiari erantzuteko beharrezko zuzenketak jasotzen ditu, 2022an onartutako gainerako zehaztapenak indarrean mantenduz. Hasierako onarpen horren ondoren, espedientea jendaurrean jarriko da 45 egunez.

San Bartolomeko Plan Orokorra

Aldi berean, Tokiko Gobernu Batzarrak hasierako onarpena eman dio San Bartolomeko Plan Orokorraren aldaketari, muinoaren iparraldeko hegalean aurreikusitako merkataritza-erabilerako lurzatia kentzea ahalbidetuko duena eta eremu hori lehendik dagoen berdegunea handitzeko eta lehengoratzeko erabiliko dena.

Akordioaren bidez, proposamenaren hirigintza-izapidetzeari ekin nahi zaio, ingurune horren paisaia- eta ingurumen-izaera indartzeko, San Bartolome harresiaren babesa hobetzeko eta lursail horiek udal-ondarean sartzeko. Espedientea jendaurrean jarriko da orain, herritarrek proiektuaren berri izan dezaten eta alegazioak aurkezteko aukera dezaten.