Hondartzetan 109 tona hondakin gutxiago bildu dira aurten
Uda bereziki bero honetan udal-zerbitzuen erabilera aipagarria izan da
2026/10/02 argitaratua
Donostiako Udalak, 2026ko hondartza-denboraldia ixteko, udal-zerbitzuen funtzionamenduaren "balantze ona" egin du. "Uda bereziki beroa izan da, eta jende asko etorri da gure hondartzetara", adierazi du Iñigo García Villanueva Ingurumeneko eta Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotzi ordezkariak. Ildo horretan, gogorarazi duenez, "horren atzean, askotan ikusten ez den eguneroko lan bat dago: gaueko eta eskuzko garbiketa, mantentze-lanak, erabiltzaileentzako arreta, jagoletza, sorospena edo hondakinak biltzea".
Kabina kolektiboak
Hondartzetan erregistratutako jarduera Udalak eskaintzen dituen zerbitzuen erabileran eta eskarian ere islatu da. Kabina kolektiboen kasuan, irailaren 25era arteko datuen arabera:
- 59.257 erabiltzaile egon dira Kontxako instalazioetan,
- 18.957 Ondarretan
- 6.432 Zurriolan
Gzutira 84.646 erabilera egon dira. 2025eko datuekin alderatuta, erabilera % 5,8 murriztu da, 5.173 erabilera gutxiago egon dira. Datuak hondartzen arabera aztertuta
- Kontxako instalazioen erabilera % 1,5 areagotu da, 59.257 erabilera izan ditu aurten (iaz 58.393 erabilera izan zituen)
- Ondarretakoa, berriz, % 22,5 murriztu da, 18.957 erabilera izan ditu guztira (iaz 24.446 erabilera izan zituen)
- Zurriolakoa % 7,9 murriztu da, 6.432 erabilera izan baititu guztira (iaz 6.980 izan zituen)
Garbiketa eta sorospena
Uda honetan, 23 profesionalek osatutako garbiketa-lantalde batek jardun du hondartzetan.
Denboraldian zehar, udal-zerbitzuek lan handia egin dute egunero hondartzak garbitzeko eta espazio horietako hondakinak biltzeko. Guztira, 207.862,86 kilo hondakin bildu dira, eta 2025ean, berriz, 317.284,3 kilo; hau da, 109 tona inguru gutxiago bildu dira aurten.
- murrizketa nagusia errefus-frakzioan gertatu da, % 35,4 murriztu baita, eta, bereziki, zur-hondakinetan, mota horretako hondakinen bilketa % 87,8 murriztu baita
- behera egin dute papera eta kartoiak (-% 20,4), baita materia organikoak ere (-% 12,3)
- Ontzien bilketa, aldiz, % 7,7 areagotu da, eta badiako uretan bildutako hondakin flotatzaileen kopuruak ere gora egin du, 348 kilo bildu baitira (iaz 135 kilo izan ziren)
"Eskerrak eman nahi dizkiet, bereziki, lau hilabete hauetan lan egin duten udal-dispositibo eta -zerbitzu guztietako profesional guztiei, donostiarrok eta bisitariek gure hondartzez gozatu ahal izan dugulako, segurtasun eta kalitate osoz", azpimarratu du García Villanuevak.
Lagundutako bainuaren erabilera % 40 inguru areagotu da
Denboraldiko datu positiboenetako bat Kontxako lagundutako bainu-zerbitzuaren erabilera-maila izan da. Irailaren 25era arte 254 zerbitzu eman dira aulki anfibioarekin; 2025ean 184 zerbitzu eman ziren, hau da, erabilera % 38 areagotu da. Bainatzen laguntzeko zerbitzuek ere gora egin zuten, 81 zerbitzutik 110era, beraz, modalitate horren erabilera % 36 inguru areagotu da.
2027: irisgarritasun handiagoa, itzala eta erantzun berriak
2026ko denboraldia amaitzeak 2027ko denboraldia prestatzen hasi behar dela ere esan nahi du. Datozen hilabeteetan, Udalak zerbitzuak ebaluatuko ditu eta hainbat hobekuntzatan aurrera egiten jardungo du.
Lehentasunetako bat irisgarritasuna izango da. Udalak elkarteekin lan egiten jarraituko du, eta mugikortasun urriko pertsonen autonomia areagotzea ahalbidetuko duten irtenbideak aztertuko ditu, besteak beste, pasabide modularrak eta desmuntagarriak, egonlekuak eta hondarraren gaineko joan-etorriak errazteko beste elementu batzuk.
Lan horrekin batera, itzalpeko espazioak sortu eta hobetu behar dira, irisgarritasunaren ikuspegitik ez ezik, gero eta beroagoak diren udei eta tenperatura altuen aurrean bereziki zaurgarriak diren pertsonen premiei erantzuteko ere.
Ondarretan, Udalak lanean jarraituko du inplikatutako gainerako administrazioekin batera, hondartzaren bilakaera analizatzeko, baita urtero bertara iristen diren harrien arazoa aztertzeko ere. Helburua da hondartza horren portaeraren ezagutza hobea izatea eta administrazio guztiek modu bateratuan aztertzea zer jarduera plantea daitezkeen etorkizunera begira.
"Gero eta pertsona gehiagok gure hondartzez autonomiaz, erosotasunez eta segurtasunez gozatu ahal izatea nahi dugu, eta hori izango da gure lan-eremu nagusietako bat", adierazi du amaitzeko Garcíak.