Raimundo Sarriegiri omenaldia
Udalaren Musika eta Dantza Eskola eta Francisco Escudero Kontserbatorioaren eskutik
2026/05/21 argitaratua
Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak, Francisco Escudero Kontserbatorioarekin elkarlanean, Raimundo Sarriegi donostiar konpositore ospetsuaren omenezko emanaldi berezia eskainiko du maiatzaren 26an, 19:30ean, Victoria Eugenia Antzokian.
Proiektu bateratu honetan, Sarriegiren musika eta Joxemari Oiartzabal andoaindar konpositore eta maisuaren lanaren aitortza egin nahi dute Donostiako bi musika ikastegiek. Raimundo Sarriegiren "Inauteriak Donostian" saileko hainbat obra eta Epifanía de Argaiz y Muniberen "Vals Brillante por la Sra. Condesa"ren estreinaldia eskainiko dute banda formatuan.
Bi erakundeetako bandetako 120 musikari baino gehiago izango dira oholtza gainean, doako kontzertu batean. Kontzertua bi zuzendariren gidaritzapean izango da: Iker Sánchez, Francisco Escudero Kontserbatorioaren izenean, eta Juanjo Ocón, Udalaren Musika eta Dantza Eskolaren izenean.
Kontzertura joateko gonbidapenak doan jaso ahal izango dira maiatzaren 24tik aurrera Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan bertan.
Musika tradizioaren aitorpen bikoitza
Ekitaldiak hiriko soinu bandaren sortzailearen irudia goraipatzeaz gain, Joxemari Oiartzabalen lanari merezitako omenaldia ere izango da. Musikari andoaindarrak bere bizitzaren zati handi bat Sarriegiren obrak talde modernoetarako egokitzen eta moldatzen eman du, Danborradako doinuen, Iñudeak eta Artzaien konpartsen eta Kaldereroen iraupena bermatuz.
Raimundo Sarriegi Echeverría (1838 – 1913)
Donostiako Egia auzoan jaio zen Sarriegi, eta Gipuzkoako hiriburuaren arima liriko eta festazalea da. Lanbidez merkataritza artekaria izan bazen ere, musikan izan zuen benetako grina eta eragin historikoa. José Juan Santesteban maisuaren ikaslea, koruko eta tenoreko haur gisa hasi zen, eta, ondoren, musikagile intuitibo eta herri sustraitze handiko gisa nabarmendu zen. Bere obra nagusia, Donostiako Martxa (1861ean konposatua eta Udalak 1864an ofizial izendatua), hiriko ereserki eztabaidaezina da. Danborradako musikari forma emateaz gain (Tatiago, Iriyarena, Diana), pieza ugari konposatu zituen Donostiako inauterietarako — Hungariako Kaldereroen Konpartsa edo Sardinaren Ehorzketa, esaterako —, hiriko folklorea, pikareska eta hiriaren sentimendua bikain uztartzea lortuz.
Epifanía de Argáiz y Munibe (1812-1889) - Peñafloridako Kondesa
Donostian jaio zen 1812an, nahiz eta bizitzaren parte handi bat Markina-Xemeinen eman. Bitor Munibe Aranguren Peñafloridako kondearekin ezkondu zen 1836an. “Peñafloridako Kondesa” izengoitiarekin sinatutako pianorako lanak berak idatzitakotzat hartzen dira. Lan horiek Eresbilen jasotako Mugartegui familiaren funtsen parte dira, eta XIX. mendeko euskal emakume konpositoreen lanaren erakusgarri diren altxor txikiak.
Joxemari Oiartzabal Beloki (1946-)
Oiartzabal tronpeta jotzaile, konpositore, zuzendari eta pedagogoa Gipuzkoako musika instrumentaleko figura errespetatuenetako bat da. Donostiako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan ikasi zuen, eta bertan Tronpetaren Karrera Amaierako Lehen Saria lortu zuen, 1986an Katedradun izatera iritsi zena. Bere ibilbidean zehar, Andoaingo Musika Banda eta Donostiako Kontserbatorioko banda eta orkestra zuzendu ditu. Bere katalogoak garrantzi handiko konposizio propioak ditu (Andoaingo Ereserkia edo Tren Txikitik Barrena, adibidez) eta, bereziki, moldatzaile lan bikaina. Sarriegiren partitura historikoak egokitzen egindako lanari esker, egungo bandek eta konpartsek ondare hori bikain eta soinu fideltasunez interpretatzen jarraitu dute.
Egitaraua
- Walking to the Sky (Robert Buckley)
- Kondesa andrearen Bals distiratsua (Epifanía de Argaíz y Munibe, arr. J.M.Oiartzabal)
- Txinatar dantza (Raimundo Sarriegi, arr. J.M.Oiartzabal)
- Kaldereroak (Raimundo Sarriegi, arr. J.M.Oiartzabal)
- Galop (Raimundo Sarriegi, arr. J.M.Oiartzabal)
- Lehen kontradantza (Raimundo Sarriegi, arr. J.M.Oiartzabal)
- Baltsa (Raimundo Sarriegi, arr. J.M.Oiartzabal)
- Hirugarren kontradantza (Raimundo Sarriegi, arr. J.M.Oiartzabal)
- Joxe Mari (Ignacio Lopetegui Bereau, arr. J.M.Oiartzabal)
Informazio gehiago: www.donostiaeskola.eus