Euskara ikasteko matrikulazio kanpaina zabalik euskaltegi eta zentro homologatuetan

Donostiako Udalak 440.000 € bideratuko ditu 2026-2027 ikasturtean donostiarrek euskara ikas dezaten

2026/08/31 argitaratua


Donostiako Udalak, hiriko euskaltegiek eta zentro homologatuek euskara ikasteko deia egin diete donostiarrei. 2026-2027 ikasturtean euskara ikasi nahi dutenek izena emateko aukera dute irailaren 1etik aurrera hiriko euskaltegi eta zentro homologatuetan. Hori gogoratzeko, azken urteetan egin duten moduan,  #euskaldunízate leloa duen kanpaina jarri dute martxan Donostiako Udalak eta hiriko euskaltegi eta zentro homologatuak elkarlanean.

Kanpainaren zabalkundea egin eta jendea euskara ikastera animatzeko, gaur egun euskara ikasten ari diren hainbat pertsona erabiliko dira: besteak beste, Aniol Ekai,  Munduko CrossFit Txapelketan laugarren izandakoa.
 

Eskaintza zabala eta behar guztietara egokitua

  • Ikastaro arruntak ( HABEk eta Euskara zerbitzuak diruz lagunduta):

-Aurrez-aurrekoak edo telematikoak: Hainbat aukera.
-Hasierako Mailak: A0, A1 eta A2 mailak: 120 €ko bonoarekin 4 urteetan ikasteko aukera, hasiera mailaren arabera
-16-18 urtekoentzako C1 maila

  • Xede berezia duten taldeentzako ikastaroak:

Talde desberdinen behar komunikatiboetara egokitutako ikastaroak dira: merkatari eta ostalarientzat; gurasoentzat, erretiratuentzat (60 €/60 ordu), etorkinentzat (Doan), 14-18 urteko gazteentzat (Doan, B2 maila arte). Ikastaro hauek euskaltegiek eta Euskara Zerbitzuak elkarlanean antolatzen dituzte.


Donostiako Udalak 440.000 € bideratuko ditu euskara ikasteko dirulaguntzetara

2026-2027 ikasturteko ikastaro arruntetarako 305.000 € bideratuko dira euskara ikasteko dirulaguntzetarako. Horrez gain, 135.000 euro bideratuko ditu Udalak aipatutako xede bereziko ikastaroak diruz laguntzeko.

Beste alde batetik, nabarmentzekoa da Eusko Jaurlaritzak, HABEk, euskara ikasteko bono berri bat eskainiko diela ikasleei hemendik aurrera: 120 € ordainduta denbora luzez euskara ikasi ahal izango da ( A0tik hasita 4 urtez; A1A1etik hasita 3 urtez; A2A1etik hasita 2 urtez eta A2A2tik hasita urtebetez).

Donostiako Udalak, bestalde, maila guztiak diruz laguntzen jarraituko du baldin eta ikasleak azpimaila bat gainditzen badu eta asistentzia, gutxienez, % 75ekoa izan bada.


2026-2027 ikasturterako dirulaguntzak eskatzeko epea eta baldintzak

2026-2027 ikasturtean euskara ikasi nahi dutenek Donostiako edozein euskaltegitan izena emateko aukera izango dute.  Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak ikastaro horietarako dirulaguntza eskatzeko epea maiatzaren 31 arte luzatuko du. Ikasleek, ikasturtean zehar, ikastaroa hasten duten egunetik eskatu ahal izango dute dirulaguntza.

Dirulaguntza eskaera online egiteko aukera izango dute herritarrek. Eta, era berean, Euskara Zerbitzuaren bulegoan (Konstituzio plaza, 2) edo Udalinforen bulegoetan (Easo, Arroka, Morlans eta Altza) ere eskatu ahal izango da.