Donostiako Udalak partaidetzazko aurrekontuen eredua berritu du
Eredu berriak herritarrei laguntza gehiago ematea, auzoetako eztabaidaguneak eta proiektuen gauzatzearen jarraipena egiteko mekanismoak gehitzen ditu
2026/10/30 argitaratua
Donostiako Udalak Partaidetzazko Aurrekontuen eredua birdiseinatu du, herritarren parte-hartzea indartzeko, proposamen adostu eta landuen aurkezpena bultzatzeko eta prozesu osoan gardentasun handiagoa bermatzeko.
Eredua berritzeak aurreko edizioetako esperientziari erantzuten dio, eta aurrerapauso bat ematea du helburu, herritarrek parte har dezaten, proiektuak proposatuz eta bozkatuz ez ezik, ideiak partekatuz, beste pertsona batzuekin kontrastatuz eta behin onartuz gero haien garapenaren jarraipena eginez, horrela hiriaren onerako talde-lana sustatuz.
Idoia Gracia Auzoetako eta Herritarren Partaidetzako zinegotziak nabarmendu duenez, "Udaletik partaidetzazko aurrekontuak herritarrentzat gero eta tresna erabilgarriagoa, hurbilagoa eta eskuragarriagoa izatea nahi dugu. Eredu berri honek herritarren eta Udalaren arteko elkarrizketa indartzen du, eskura dagoen informazioa hobetzen du eta aukeratutako proiektuak gauzatzeko bizkortasuna bermatzen du".
Eredu berri hau auzo-elkarteekin, udaleko teknikariekin eta Tokiko Gobernuko ordezkariekin elkarlanean diseinatu da, egungo prozesua hobetzeko helburuarekin, batez ere eraginkortasunari dagokionez.
Partaidetza kolektiboaren garrantzia
Berrikuntza nagusien artean, prozesuetan parte hartzen duten pertsonei emango zaien laguntza nabarmentzen da, batez ere proposamenen fasean. Hala, hemendik aurrera, informazio argiagoa eta zehatzagoa eskainiko da, bai eta laguntza materialak, aholkularitza eta aurrez aurreko arreta ere, herritarren proposamenak analisi-fasera zehaztasun handiagoz irits daitezen eta bideragarritasun-berme handiagoekin garatu ahal izan daitezen.
Auzoetan eztabaidarako espazioak ere sortuko dira, bizilagunek kezkak partekatzeko, premia komunak identifikatzeko eta proposamenak modu kolektiboan eraikitzeko aukera izan dezaten.
Eredu honekin ezartzen den beste berritasunetako bat da proposamenek gutxieneko adostasuna izan beharko dutela analisi-fasera iritsi aurretik, lan kolektiboari balioa emateko:
- Aaurretiazko eztabaida- eta lan-saioetatik sortzen diren proposamenak zuzenean hurrengo fasera igaroko dira,
- eta banakako proposamenak, berriz, web orriaren bidez laguntzak jasotzeko aldez aurreko fase baten mende jarri beharko dira, eta gutxienez 30 batu beharko dira prozesuan aurrera egiteko.
Bizkortasun handiagoa proiektuak gauzatzean
Prozesua hainbat fasetan garatuko da: prestaketa eta aktibazioa, proposamenen aurkezpena, babesen bilketa, ebaluazio teknikoa, herritarren bozketa, emaitzen argitalpena eta aukeratutako proiektuen jarraipena. Ibilbide osoan zehar, informazio publikoa eta kontu ematea sustatuko da, ahalik eta gardentasun handiena ziurtatzeko.
Gainera, Udalak hiru batzorde sortuko ditu prozedurak behar bezala igarotzen direla eta proiektuak garaiz eta behar bezala gauzatzen direla bermatzeko:
- Departamentuen arteko Batzordea
- Gardentasun Batzordea
- Auzoen Eremuko Batzordea
2028rako aurrekontua
Eredu berri hori 2027tik aurrera jarriko da martxan; izan ere, hauteskunde-urtearekin bat datorrenez eta egutegia prozesu berrira egokitu behar denez, 2028 salbuespena izango da ohiko jardunean. Oro har, partaidetzazko aurrekontuen prozesua bi urtean behin egiten da, eta hautatutako proiektuak hurrengo ekitaldietako udal aurrekontuetan sartzen dira. Hala, 2025ean egindako prozesuak 2026ko eta 2027ko udal aurrekontuetan sartuko ziren proiektuak zehaztu zituen, ekitaldi bakoitzerako 1,5 milioi euroko partida batekin.
Oraingo honetan, 2025eko prozesuaren emaitza 2028ko udal aurrekontuan sartuko diren proiektuak zehazteko ere erabiliko da, lehenetsitako proiektuen zerrendari jarraituz, aurreikusitako 1,5 milioi euroak agortu arte. Horrela, partaidetzazko aurrekontuen hurrengo prozesua 2027ko amaieran hasiko da eta 2028ko uda baino lehen amaituko da, eta emaitzak 2029ko eta 2030eko udal aurrekontuei aplikatuko zaizkie.