Udalak plaka bat jarri du Luis García Lozanoren omenez

Lurreko Armadako koronela ETAren biktima izan zen duela 35 urte eta omenaldia egin zaio Foruen pasealekuan

2026/06/05 argitaratua


​​​​​​Donostiako Udalak plaka bat jarri du gaur, ekainaren 6an, 1991ean ETAren biktima izan zen Luis García Lozanoren omenez. Ekitaldi honekin, Udalak duela bi legealdi terrorismoaren eta indarkeria politikoaren biktimei gune publikoan ikusgarritasuna emateko bultzatutako ekimenaren barruan hirian jarri dituen 38 plaka batu dira.

Ekitaldia eguerdiko 12:00etan egin da, Foruen pasealekuko 4. zenbakiaren parean, hiriaren Erdialdean. Beste batzuetan bezala, omenaldi xume bat izan da, eta bertan parte hartu dute Jon Insausti Donostiako alkateak, udaleko taldeetako ordezkariek eta biktimaren senideek.

Luis García Lozano, 56 urtekoa, Cetinakoa (Zaragoza), Amarako bizilaguna eta 5 seme-alaben aita, Lurreko Armadako koronela eta Gipuzkoako jarduneko gobernadore militarra zen. 1991ko urtarrilaren 2an, Gobernu Militarraren egoitzako lanetik etxera itzuli zen, eguerdian, bere auto ofizialean. Etxaide kaleko eta Foruen pasealekuko bidegurutzean, semaforo gorri batean ibilgailua geratzean, kaputxadun ETAko bi kidek metrailetaz tiro egin zioten eta bertan hil zen.

Terrorismoaren eta indarkeriaren biktimen omenezko plakak

Horrela, Udalak ekimen hau garatzen jarraitzen du gure hirian hil ziren terrorismoaren eta motibazio politikoko indarkeriaren biktimen memoria eta ikusgarritasuna espazio publikoan berreskuratzeko.