Udala hiriko hilerriak prestatzen dabil, Santu Guztien Egunerako
Polloe, Altza eta Igeldoko hilerriek garbiketa eta zaintza indartuko dituzte Santu Guztien Eguna dela eta
2026/10/28 argitaratua
Egun hauetan, Polloe, Altza eta Igeldoko udal-hilerrietan prestaketa lanetan dabiltza, azaroaren 1ean Santu Guztien Eguna dela eta beren hildakoak oroitzera hurbilduko diren milaka pertsonei harrera egiteko. Bisitak errazteko, garbiketa lanak areagotu dira eta zaintza- eta kontrol lanak egingo dira ekipamendu horien inguruan.
Ordutegiak, lore postuak eta garraio publikoa
Udal hilerrien ohiko ordutegia:
- 08:00etatik 20:00etara da apiriletik urrira
- 08:00etatik 19:00etara azarotik martxora
Polloen, nitxoen eremua irekita egongo da:
- 8:00etatik 13:30era, urriaren 27an, 28an eta 29an
- 8:00etatik 18:00etara, urriaren 30etik azaroaren 1era
Landareak eta loreak erostea errazteko, salmenta postuak baimendu dira hilerrien inguruetan, Santu Guztien Egunera arte.
Garraio publikoan joatea gomendatzen da. Hauek dira hilerrietara doazen Dbus lineak:
- Polloe: 9., 24., 27., 41. eta 42. lineak
- Altza: 13., 24., 27., 31. eta 38. lineak
- Igeldo: 16. linea
Ordutegiak eta maiztasunak www.dbus.eus webgunean kontsulta daitezke.
Bisitak egiteko gomendioak
Santu Guztien Egunean bertan jende-pilaketak saihestu nahi dituztenei gomendatzen zaie aurreko edo ondorengo egunetan joatea hilerrietara. Halaber, trafiko-arazoak saihesteko, garraio publikoa erabiltzea gomendatzen da, eta kontu handiz ibiltzea nitxoak, panteoiak eta hilobiak garbitzeko lanetan.
Polloek panteoiak garbitzeko zerbitzua du, adinekoentzat edo lan horiek segurtasunez egiteko zailtasunak dituztenentzat bereziki aproposa dena. Nolanahi ere, bisitari guztiei gomendatzen zaie kontu handiz ibiltzea hilobiak garbitzean erorikoak eta bestelako istripuak saihesteko.
Iñigo García Hiri Mantentzeko zinegotziak azpimarratu du garrantzitsua dela espazio horiek prestatzea, Donostiako familia askorentzat bereziki esanguratsua baita egun hori. “Egun horietan gure hilerrietara hurbiltzen direnek bisita lasaitasunez eta baldintzarik onenetan egin ahal izatea nahi dugu. Horregatik, ohiko mantentze- eta garbiketa-lanez gain, arreta berezia eskaini diegu sarbideei eta bisitarien segurtasunari”, adierazi du.