Bretxako merkatu berriaren inaugurazio ofiziala San Sebastian egunaren ondoren izango da

Arrandegi eraikina eta merkatu berria kokatuko den beheko solairua birgaitzeko lanak azaroaren 15ean amaituko dira

2026/10/09 argitaratua


Bretxako Pescaderia eraikina birgaitzeko obrak azaroaren 15ean amaituko dira, aurreikusitako egutegiaren arabera. Obra horiei esker, merkatu berria egokituko da eraikinaren beheko solairuan. Lan horiek amaitutakoan, azken urratsa izango da asentatzaileak eta baserritarrak, produktuak eta ekipamendu mugikorra kokaleku berrietara lekualdatzea.

Azken fasean dagoen obra Donostia Sustapenak egin du, Bretxako emakidaren arduradun gisa, eta nolabaiteko konplexutasuna du, babestutako eraikin batean garatzen baita, balio historiko, arkitektoniko eta kultural handia duena, eta merkataritza-jarduerak garatzen jarraitzen duen ingurune batean.

Lekualdaketa urtarrilaren amaieran egingo da

Merkatu berria irekitzeko egutegia zehazteko, kontuan hartu dira obren aurrerapena, asentatzaileen beharrak eta etorkizuneko operadoreek espazioan izan ditzaketen beharrak. 

Donostia Sustapenak honako informazioa helarazi die merkatuan lan egingo duten pertsonei:

  • lanak egiteko epeak
  • lekualdaketa egiteko beharrezko prozesua

Azaroaren bigarren hamabostaldiaren eta Donostia egunaren artean merkataritza-jardueraren eta Bretxako Merkatuko operadoreen fakturazioaren zati handi bat biltzen dela kontuan hartuta, asentatzaileek aldaketa egiteko datarik egokiena bozkatu dute batzarrean.

Bozketaren ondoren, merkatu berrira joatea eta bertan urtarrilaren amaieran, Eguberrietako kanpaina eta San Sebastian eguna amaitu ondoren, jarduerari ekitea erabaki dute. Erabaki horretatik abiatuta, Donostia Sustapenak eta inplikatutako eragileek merkatu berria lekualdatzeko eta abian jartzeko beharrezkoak diren kudeaketa eta jardueren egutegia egokituko dute.

Merkataritza espazioen berrantolaketak aurrera egin du

Obrek aurrera egitearekin batera, kontratuak formalizatzeko prozesuak aurrera jarraitzen du merkatu berriko egungo eta etorkizuneko okupatzaileekin.

  • urriaren 9an, amaituko da 22 asentatzaileen kontratuak sinatzeko prozesua, eta beheko solairuan kokatuko dira
  • baserritarren 11 postuei dagozkien kontratuak formalizatuko dira. Postu horiek Plazako eta Aldamar kaleko sarreretatik hurbilen dagoen merkatu berrian kokatuko dira.
  • litxarreria Kioskoak, gaur egun plazako "tupper" izeneko espazioan dagoenak, Bretxan jarraituko du lanean, Arkoak eraikinean, eta laster kontratua formalizatuko da.
  • Donostia Sustapenak aurreikusi du hilabete honen amaieran argitaratuko duela okindegi postu bat martxan jartzeko lizitazioa, merkatu berriaren espazio hutsetako batean

Bretxako Merkatu berriari buruzko informazio gehiagoa -> bretxaplaza.eus