Udalak aurten ere bihotz-biriketako bizkortzeari buruzko ikastaroa eskainiko die ikasleei
Aurreko ikasturtean, ekimena hamazazpi ikastetxetako 44 taldetako 1.092 ikaslerengana iritsi zen
2026/09/02 argitaratua
Donostiako Udalak, Osasuna Sustatzeko Atalaren bidez eta Gipuzkoako DYArekin eta Gurutze Gorriarekin lankidetzan, bihotz-biriketako bizkortzeari (BBB) eta kanpoko desfibriladore erdiautomatikoaren (KDEA) erabilerari buruzko prestakuntza-programa jarriko du abian ikasturte honetan, DBHko 4. mailako ikasleentzat. Prestakuntza urrira aurreratuko da aurten, ikastaroa errazago antolatzeko eta ikastetxeek parte hartzeko aukera handiagoa izan dezaten.
Aurreko ikasturtean, ekimena 17 ikastetxetako 44 taldetako 1.092 ikaslerengana iritsi zen. Parte hartu zuten ikasleen 998k bete zuen ebaluazio-galdetegia; hau da, ikasleen % 91,4k. Prestakuntzak balorazio bereziki positiboa izan zuen: saioen baliagarritasunak 10etik 9,54ko batez besteko puntuazioa lortu zuen, eta edukien azalpenak, berriz, 9,26koa. Prestakuntzaren balorazio orokorra 8,81 puntukoa izan zen. Ikasleek gehien nabarmendu zuten alderdietako bat zati praktikoa izan zen: bihotz-masajea, segurtasuneko albo-posizioa eta desfibriladorearen erabilera.
Iñigo García Osasun Publikoko zinegotziak hauxe adierazi du ikastaroari buruz: "Prestakuntza hori berriro eskaini nahi diegu gure gazteei, eta ikastetxe gehiagotara iritsi. Bihotz-biriketako geldialdi bat hautematen, 112ra deitzen, bihotz-masajea egiten eta desfibriladorea erabiltzen jakitea erabakigarria izan daiteke larrialdi-zerbitzuak iristen diren bitartean".
Nola jardun ikastea
Saioetan, biziraupen-katea aplikatzen irakasten zaie ikasleei: egoeraz ohartzea, 112ra deitzea, bihotz-masajea egiten hastea, desfibriladore bat aurkitzea eta erabiltzea ahal denean, eta maniobrei eustea larrialdi-zerbitzuak iritsi arte.
Bihotz-biriketako geldialdia osasun publikoko lehen mailako arazoa da. Gertakari horien % 80 ospitale-eremutik kanpo gertatzen dira, eta, nahiz eta hamarretik seitan pertsonaren bat egon bertan, lekukoen % 25ek soilik hasten ditu bizkortze-maniobrak osasun-baliabideak iritsi aurretik.
Horregatik, udal-programak herritarren artean txikitatik zabaldu nahi du BBBari buruzko oinarrizko ezagutza. Horren bidez, aditzera eman nahi du larrialdi baten aurrean jardutea erantzukizun partekatua dela eta lehen esku-hartzea erabakigarria izan daitekeela osasun-zerbitzuak iritsi arte.