Udalak baso-suteen arriskuaren aurrean prebentzioak eta autobabesak duen garrantzia azpimarratzen du

Udalak bere egiten ditu baso-inguruneetan sute-arriskua gutxitzeko eta herritarren prestakuntza hobetzeko gomendioak

 

2026/10/26 argitaratua

​​​​​​Donostiako Udalak, Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zuzendaritzaren eta Herri Babesaren bitartez, informazio- eta sentsibilizazio-kanpaina bat jarri du abian, baso-suteak prebenitzearen eta horien aurrean jardutearen garrantziaz ohartarazteko. Ekimenaren helburua da herritarrei gomendio praktiko batzuk helaraztea, prebentzioaren bidez arrisku-egoerak murrizteko eta larrialdietan nola jokatu jakiteko.

Martin Ibabe Segurtasun, Suhiltzaile eta Babes Zibileko zinegotziak, Peru Mac Gragh Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzuaren zuzendariarekin batera, kanpainaren gakoak azaldu ditu eta nabarmendu du "prebentzioa dela baso-suteen aurkako neurririk eraginkorrena. Herritarrei informazio erabilgarria eta erraza helarazi nahi diegu, larrialdi-egoera baten aurrean arriskua minimizatzeko eta erantzuteko gaitasuna hobetzeko. Guztion erantzukizuna da gure ingurune naturala eta bertan bizi diren edo hartaz gozatzen duten pertsonak babestea".

Prebentzioaren garrantzia

Udalak, batez ere, prebentzioan jarri nahi du arreta; izan ere, horrelako sute gehienak giza ekintza saihesgarrien ondorioz sortzen dira. Horregatik, Ibabek behin eta berriz esan du kontu handiz ibili behar dela baso-suteak izateko arriskua dagoenean, eta sua piztu dezaketen edo txinpartak sor ditzaketen jarduerak saihestu landaredi-eremuen inguruetan". 

Herritarren Segurtasunerako atalak arreta berezia jartzen du menditik gertu dauden etxebizitzen babesean. Gomendio garrantzitsuenetakoak:

  • Araikinen inguruan segurtasun-espazioak sortzea eta mantentzea, eta landare lehorrik eta material erregairik ez pilatzea fatxada, teilatu, estalpe edo sarbideen ondoan.
  • Lorategiak eta lurzatiak kontserbazio-egoera onean mantentzea gomendatzen da, eta landare-espezie ez hain sukoien erabilera sustatzea etxebizitzen ingurune hurbilean.

Neurri horiek sua zabaltzea zailtzen dute, eta larrialdi-zerbitzuen esku-hartzea errazten.

Era berean, eraiki gabeko lurzatien jabeei dei egiten zaie lursail horiek garbi eta kontserbazio-egoera egokian eduki ditzaten, horrela ingurune osoan eta alboko jabetzetan gutxitu egingo baita sute-arriskua. Era berean, herritarrei adierazten zaie komeni dela aldez aurretik larrialdietarako aurreikusitako ebakuazio-bideak eta jarduteko oinarrizko jarraibideak ezagutzea. Jarraibideok Udalaren webgunean daude eskuragarri.

Nola jokatu baso-sute baten aurrean

Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzuak eta Herri Babeseko Zerbitzuak gogorarazten dute, sutea gertatuz gero, lehentasuna pertsonak babestea dela beti:

  • Herritarrek une oro jarraitu behar dituzte larrialdi-zerbitzuen jarraibideak, 112-SOS Deiak iturri nagusi dela, bere kanal guztietan.
  • Ez da gerturatu behar sutea ikustera eta ez da arriskurik hartu behar ondasun materialak babesten saiatzeagatik.
  • Ebakuazioan edo konfinamenduan laguntza behar izan dezaketen pertsonei arreta berezia ematea gomendatzen da.

Atalak, gainera, ohartarazi du jarraibide espezifikoak daudela suteak baso-ingurune bateko etxebizitza bati zuzenean eragiten dionerako. Horrelakoetan, sua eraikinera hurbildu bada eta ebakuaziorik agindu ez bada, gomendioa da barnealdean konfinatuta egotea, ateak eta leihoak ixtea, kerik sar ez dadin, eta larrialdi-zerbitzuei egoeraren berri ematea. Kasu guztietan ezinbestekoa izango da esku hartzeko taldeek eta agintaritza eskudunek emandako jarraibideak betetzea.

Arreta berezia Igeldoko inguruneari

Informazio-kanpaina hau Donostiako hiri-baso eremuetako bizilagunei eta etxebizitzen jabeei zuzendua dago, eta, horren barruan, Herri Babeseko atalak ekintza espezifikoak egingo ditu baso-suteen arrisku handiena duten eremuetan. 

Alde horretatik, komunikazioa eta informazioa indartuko da Igeldoko udalez peko erakundearekn, zerbitzuko teknikarien bidez, 2016tik eremu horretarako dagoen baso-suteen plan berezian jasotako neurriak gogorarazteko, eta bertako bizilagunek prebentzio- eta jarduketa-protokoloen gainean duten ezagutza areagotzeko.

Arrisku handiko aldia: irailetik apirilera

Kanpaina hau Europako baso-suteak areagotu direlako eta gertakari horiei lotutako ondorioak gero eta larriagoek direlako prestatu da. Izan ere, agerian geratu da prebentzioa eta herritarren prestakuntza indartu beharra dagoela. 2026an bakarrik, estatuan 275.000 hektarea baino gehiago kiskali dira, eta, gainera, inoizko suterik handiena izan da, gertaera bakar batek 50.000 hektarea erre baitzituen. Frantziak, berriz, 98.000 baso-hektarea baino gehiago galdu ditu, eta Gironda eskualdean izandako suteak bakarrik 42.000 hektarea erre ditu. 

Baso-masa suntsitzeaz gain, giza tragedia bat ere gertatu da duela gutxi Almerian izan den sutean, 13 pertsona hil baitira. Gertakari horrek agerian utzi ditu autobabeserako neurri egokiak ez aplikatzearen ondorio larriak, eta erakutsi du herritarrek ez dakitela ondo nola jokatu suak azkar aurrera egiten duenean; izan ere, kaltetuek inprobisatutako ihesbideak tranpa hilgarriak izan dira kasu honetan.

Euskadin, herritarren pertzepzioaren aurka, arrisku handiena ez da udan izaten, irailaren 15etik apirilaren 15era bitartean baizik, klima lehorragoa izaten baita, eta haize-bolada handi eta beroak; beraz, hiria arrisku handiko aldian dago orain.