Auzoko Ahotsak! Ekialdeko Barrutiko haurren partaidetzarako organoaren kurtso-bukaera

Bere lana egiten jarraitu du, haurrak komunitate-bizitzan elkartzeko, hausnartzeko eta parte hartzeko gune gisa

2026/06/26 argitaratua

Auzoko Ahotsak! Donostiako Ekialdeko Barrutiko haurren partaidetzarako organoak, 2025-2026 ikasturtea amaitu du. Horretan zehar, bere lana egiten jarraitu du, haurrak komunitate-bizitzan elkartzeko, hausnartzeko eta parte hartzeko gune gisa. ​​​​​​Haurrek adierazitako proposamen eta kezketatik abiatuta, ikasturte honetan lana kirolaren eta jarduera fisikoaren esparrura bideratu da. 

Organoa barrutiko hainbat ikastetxetako ikasleek osatu dute.

  • Altzako kasuan, Altza eta Herrera Ikastetxeetako haurrek osatu dute,
  • Bidebietan, La Asunción, La Salle San Luis, Mendiola eta Herri Ametsa ikastetxeek
  • eta Intxaurrondon berriz, Intxaurrondo ikastolak. Guztira, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako 45 haurrek hartu dute parte.  

Ikasturtean zehar sei lan-saio egin dira auzo bakoitzean, hilean behin. Horietan, gogoeta egin da kirolaren esanahiari buruz, araututako eta arautu gabeko kirol-jardueren arteko desberdintasunei buruz, eta auzo bakoitzean jarduera fisikoa egiteko dauden aukerei buruz. Aurten, gainera, Udaleko Kirol Sailaren laguntza izan dugu. 

 

Burututako lanak dimentsio ezberdinak izan ditu: 

  1. Aurreko ikasturteetako proposamenak gauzatzea eta aurkezpen-ekitaldia
    Aurreko urteetan haurtzaroan planteatutako proposamen batzuk errealitate bihurtu dira. Bidebietan kalistenia gune berri bat eraiki da, eta Herreran teqball mahai bat jarri da, bi auzoetan kirola egiteko aukerak handitzeko.
     
  2. Udala eta gazteen arteko zubiak
    Parte-hartzaileek auzoko kirol-instalazioekin eta -espazioekin lotutako hobekuntza-proposamenak egin dituzte. Lan hori ikastetxeetara zabaldu da, eta beste ikaskide batzuen ekarpenak ere jaso dira. Ondoren, saioetako batean, auzo bakoitzeko kirol-teknikariak parte hartu du, eta, bere lana ezagutarazteaz gain, lan-espazio bat partekatu du gazteekin, planteatutako proposamenak elkarrekin aztertzeko eta baloratzeko. 
  3. Amaierako jardueren antolaketa
    Auzo bakoitzeko gazteek jarduera fisikoarekin lotutako jarduera bat antolatu dute, prozesu osoaren erantzukizuna beren gain hartuz: plangintza eta prestaketatik hasi eta jardunaldiaren dinamizazioraino. 

Jarduera horietan Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako 427 ikaslek hartu dute parte. Era berean, auzoetako hainbat kirol elkartek egiten duten lana ezagutzera emateko aukera eman dute, euren lana haurrei hurbilduz eta komunitateko kirol bizitzan parte hartzea sustatuz.