Udalak Donostiako autobus geltokia birmoldatuko du edukiera eta segurtasuna hobetzeko

Alkateak proiektu berri bat aurkeztu du, kanpotik sarbide berriarekin, “etorkizuneko beharrei aurrea hartzeko”

2026/10/16 argitaratua

 

​​​​​Jon Insausti alkateak Donostiako Udalak hiriko autobus geltokia hobetzeko eta berrantolatzeko duen proiektuaren berri eman du. Proiektuaren helburua da azken urteotan izandako bidaiari hazkundeari erantzutea, instalazioen segurtasuna indartzea eta ekipamendua hiriko mugikortasun behar berrietara egokitzea.

Insaustik azpimarratu duenez, jarduera hori "erantzun sendoa da urteetan pairatu ditugun egungo behar eta gabeziei, baina baita hiriaren etorkizuneko mugikortasun beharrei aurrea hartzeko lana ere".

Insaustik adierazi duenez, "autobus geltokia hirira sartzeko ate nagusietako bat da, eta egunero Donostiatik eta Donostiaraino joaten diren ehunka pertsonentzako funtsezko ekipamendua. Hori dela eta, azpiegitura estrategikoa da, eta azken hilabeteetan lan egin dugu zerbitzurik onena eskaini ahal izateko".

Jarduketaren abiapuntua garraio publikoaren azken aldiko bilakaerari buruzko hausnarketa bat da, erabiltzaile kopuruaren hazkundeak, zerbitzuen hobekuntzak eta metropoliko eta hiriarteko konexioen eskaera gero eta handiagoak markatuta. Testuinguru horrek agerian utzi du geltokia berrantolatzeko beharra, bertako espazioak hobeto aprobetxatzeko eta funtzionamendu eraginkorragoa eta erosoagoa bermatzeko.

Horrela, proiektu berri honek hiru jarduera nagusi ditu:

  • dartsenak berrantolatzea,
  • sarbide independente berri bat sortzea
  • eta barruko espazioak berrantolatzea.

Garraio eta itxarote zerbitzuetarako edukiera handiagoa

Gaur egun, 21 dartsena ditu geltokiak; horietatik 16 bidaiarien ohiko joan-etorrietarako dira, eta bost autobusen itxaroteko espazio gisa erabiltzen dira nagusiki. Proposamen berriari esker, 21 dartsenak bidaiarien ohiko jarduketara bideratu ahal izango dira, azpiegituraren edukiera handituz eta zerbitzu berriak sartzea erraztuz.

Horretarako, hobetu egingo da geltokiaren guneen arteko oinezkoentzako lotura, eta itxaroteko gune espezifiko bat jarriko da esparruaren muturrean dauden bost dartsenetarako. Hauek, behar denean, modu autonomoan funtzionatu ahal izango dute.

Gaueko segurtasuna indartzeko sarbide berria

Proposamenaren elementu nabarmenetako bat gaueko ordutegian zerbitzua emango duten bost dartsenei lotutako kanpoko sarbide berri bat sortzea da. Jarduera horri esker, mugimendu gutxiago dagoen orduetan geltokiaren gainerako zatia itxi ahal izango da, eta erabiltzaileen sarrera eta irteera gune kontrolatu bakar batean kontzentratu ahal izango dira, segurtasuna eta sarbideen kudeaketa hobetuz.

Bolumen arkitektoniko berri hori ingurunearekin integratuta dago, eta, gainera, kafetegi espazio osagarri txiki bat eta bizikletentzako aparkaleku berri bat izango ditu, hiriko bidegorri-sarearekin zuzenean konektatuta. Jarduketari esker, gaur egun erabilera horiek hartzen dituzten espazioak geltokiaren barruan libre geratuko dira, eta ekipamenduaren eta hiri-ingurunearen arteko harremana hobetuko da.

Gune zabalagoak eta hobeto antolatuak

Barne berrantolaketaren arabera, leihatilak goiko solairura lekualdatuko dira, eta solairuartean hainbat lokal kenduko dira, bidaiarientzako azalera libratuz eta sartzeko eta irteteko ibilbideak argiago banatuz. Jarduketari esker, gainera, itxarote-eremuak handitu ahal izango dira, eta zabalera sentsazioa hobetu, espazio malguago eta irekiagoen bidez.

Era berean, alkateak azpimarratu du proposamena "hiri-ingurunea errespetatuz eta bizikleta eta oinezkoen mugikortasunarekin hobeto bat egiteko" diseinatu dela. "Geltoki irekiagoa, funtzionalagoa eta etorkizuneko erronkei erantzuteko prestatuagoa nahi dugu. Gainera, obrek irauten duten bitartean zerbitzuaren jarraipena bermatuko dugu, eta gune hori gure hirira sartzeko ate moderno eta kalitatezko gisa sendotuko dugu", gaineratu du.