Adinekoentzako hiri eta komunitate lagunkoiei buruzko nazioarteko kongresua, Donostian
Euskal erakundeek herritarrengana hurbilduko dute Kongresua, Lagunkoia Plazaren bidez
2026/06/03 argitaratua
Donostia nazioarteko elkargune nagusietako bat bihurtuko da datorrren ekainean, gero eta luzeago bizi den gizarte batek planteatzen dituen erronkei eta aukerei buruz hausnartzeko. Ekainaren 16tik 18ra bitartean, Adinekoentzako Hiri eta Komunitate Lagunkoien 3. Mundu Kongresua egingo da Kursaalen, hamabi urtean baino gehiagoan egiten den lehena.
Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuak (Imserso, Gizarte Eskubideen, Kontsumoaren eta 2030 Agendaren Ministerioari atxikitako erakundea) eta OMSek antolatu dute Kongresua, Eusko Jaurlaritzarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Donostiako Udalarekin batera, eta 60 herrialde baino gehiagoko 1.700 hiri eta komunitatetatik datozen ordezkari instituzionalak, arduradun publikoak, ikertzaileak, erakunde sozialak eta adituak bilduko ditu.
Bizitza luzeagoen erronkari aurre egiteko kongresu globala
“Eralda dezagun elkarrekin! Belaunaldi guztientzako mundu lagunkoi, konektatu, bidezko eta jasangarri baten alde” lelopean, topaguneak askotariko gaiak jorratuko ditu, hala nola gizarteko konexioa, inklusio digitala, jasangarritasuna, parte-hartzea edo zainketak, bizitza luzeagoek eta eraldaketa demografikoak markatutako testuinguru batean.
Egun horietan, nazioarteko mila bisitari eta parte-hartzaile inguruk zuzenean ezagutuko dituzte lurraldean hainbat arlotan bultzatzen diren esperientziak, politika publikoak eta proiektuak:
- zainketak,
- bizitza komunitarioa,
- berrikuntza soziala,
- espazio publikoa,
- parte-hartzea
- edo zahartze osasuntsua
Lagunkoia Plaza: elkarrizketa kalera aterako da
Kongresuarekin batera, EAEko hiru erakundeek Lagunkoia Plaza bultzatuko dute: herritarrei irekitako gune bat, ekainaren 16tik 18ra bitartean egingo dena, Kursaal kanpoko plazan.
Ekimenaren helburua da espazio publikora ateratzea bizitza gero eta luzeagoa den gizarteetan bizitzeko eta bizikide izateko moduari buruzko hausnarketa eta askotariko gaiei buruzko elkarrizketa partekatua sustatzea: besteak beste, zainketak, etxebizitza, osasuna eta ongizatea, parte-hartzea, mugikortasuna, harreman komunitarioak edo desberdintasun berriak.
Gunean, herritarrei irekitako jarduerak, topaketak eta parte hartzeko proposamenak uztartuko dira. Gainera, zeharkako ekintza bat ere egingo da, bertaratutakoek galdera hauei erantzun eta kolektiboki gogoeta egin dezaten haien inguruan:
- “Nola bizi nahi dugu elkarrekin bizitza gero eta luzeagoa den gizarte batean?”
- “Zer da zuretzat adin guztientzako hiri bat?”
- “Zer behar dugu gorde eta zer eraldatu?”
Horrela, Kursaalen barruan nazioarteko ordezkariak, erakundeak eta adituak hiri eta komunitate lagunkoiei buruzko elkarrizketa global baten inguruan bilduko diren bitartean, Lagunkoia Plazak espazio publikora eta herritarrengana eramango du hausnarketa hori, gizarte lagunkoiagoak eta kohesionatuagoak eraikitzea zeregin partekatua delako ideia indartuz.