Udalak aterpe klimatikoen sarea handitu du eta 93 espazio izango ditu berotik babesteko
Biztanle bakoitzeko aterpe klimatiko gehien dituen Estatuko hiria izaten jarraitzen du, Bartzelona, Bilbo edo Gasteizen aurretik
2026/05/19 argitaratua
Urteko tenperaturik altuenen sasoia hasteko puntuan dagoenez, Donostiako Udalak gogorarazten du hiriak aterpe klimatikoen sare zabala duela. Zehazki, 93 espazio ditu (duela urtebete baino lau gehiago), hiriko auzo guztietan banatuta. Aurten, gainera, 60 ‘ibilbide berde’ identifikatu dira, itzalpeko hiri-joan-etorriak errazteko.
Iñigo García Ingurumeneko zinegotziak azaldu duenez, “hiri-eremuko espazioekin alderatuta, erosotasun termikoko baldintza hobeak dituzten espazioak dira aterpe klimatikoak, eta herritarrek espazio horietara jo dezakete berotik babesteko. Horiek guztiak, gainera, erabat doakoak dira”.
Donostia da oraindik ere biztanleko aterpe klimatiko gehien dituen Estatuko hiria: aterpe bat dauka gutxi gorabehera 2.000 biztanleko, Greenpeacek egindako “Ciudades al rojo vivo” (Hiriak gori-gorian) txostenak jasotakoaren ildoan; eta beraz, ratio horri esker, Bartzelona, Bilbo edo Gasteizen aurretik dago.
37 eraikinek eta 56 berdegunek osatzen dute egungo sarea: hiri osoan banatuta daude, bai eta mapa digital batean seinaleztatuta ere, horren bidez errazago aurkitzeko. Mapa hori GeoDonostia atarian eta udalaren webgunean (Ingurumena) dagoen bisore batean kontsulta daiteke.