Ertzaintzak eta Udaltzaingoak kalean duten presentzia areagotuko dute Aste Nagusian segurtasuna indartzeko
Bi polizia-kidegoek prebentzio dispositibo bateratua koordinatu dute Donostiako Aste Nagusiari begira
2026/08/03 argitaratua
Udaltzaingoak eta Ertzaintzak Donostiako Segurtasuna Koordinatzeko Batzordearen bilera izan zuten joan den astean. Bilera horretan, abuztuaren 8an ohiko Artilleroarekin eta Kanoikadarekin hasiko den Aste Nagusiari begira segurtasun-dispositiboa landu eta adostu zen.
Aurten ere, agenteak egongo dira kalean jaietan segurtasuna prebenitzeko eta bermatzeko neurri nagusi gisa, bai uniformedun patruilak, bai kalez jantzitako patruilak. Hala, 200 agente inguruk zainduko dute, astean zehar, ekitaldien segurtasuna, bai eta horien ostean etxera egingo diren ibilbideen segurtasuna ere, batez ere gauean.
Aste Nagusiaren aurreko egunetan ohikoa den bezala, Koordinazio Batzordeak Donostiako Aste Nagusirako aurreikusitako operatibo berezia errepasatu du. Bertan, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak presentzia areagotuko dute, batez ere, hirian jende gehien biltzen den guneetan, patruila bateratuekin, azken urteotan ohikoa den bezala. Ekitaldi jendetsuenek berariazko tratamendua izango dute, ibilbide jendetsuenak eta jai-jarduera kontzentratzen ez den auzo periferikoak alde batera utzi gabe.
Bi poliziek arreta berezia jarriko dute delitu ohikoenen prebentzioan, hala nola ebasketa txikien edo alkoholaren eta drogen kontsumoaren ondoriozko jokabideen prebentzioan. Era berean, eraso eta abusu sexistak prebenitzen lagunduko dute, gaueko zaintza indartuz, herritarrei babes handiagoa eskaintzeko jai-jarduerez gozatu ondoren etxera itzultzean. Neurri horiek guztiak beharren arabera modulatuko dira astean zehar.
Gomendioak
Zaintza neurriez gain, bi poliziek prebentzio-gomendio batzuk partekatzen dituzte leku jendetsuagoetan, non delitu-kontzentrazio handiagoa izaten den. Aste Nagusi seguru baterako gomendioen artean honako hauek daude:
- objektu baliotsuak agerian eramatea saihestea,
- alkohol kontsumo arduratsua egitea,
- inoiz ez gidatzea edari alkoholdunak hartu ondoren,
- edo garraio publikoari beti lehentasuna ematea, mugikortasun arrazoiengatik ere.
Donostiako Udaleko Herritarren Segurtasuneko, Suhiltzaileetako eta Babes Zibileko zinegotzi Martín Ibabek nabarmendu duenez, Udaltzaingoa eta Ertzaintza "kaleetan egongo dira herritarrei laguntzeko, eta bereziki adi egongo dira zaitzan, baina, gainera, behar duen edonor jo dezake agenteengana, ohiko segurtasun-puntuetara edo 112ra".