Albisteak

Zuhaizti Udal Kiroldegiaren kudeaketa kontratatzeko pleguen onarpena eztabaidatuko du astelehenean Donostia Kirolaren Artezkaritza Kontseiluak

2020-07-03

Prozesua atzeratu egin da, alarma-egoeran administrazio-epeak Eten direlako eta horregatik esleipen berria egin arte Fortuna KEak kudeaketarekin jarraitzeko ebazpena ere aurkeztuko da Kontseiluan.

Donostia Kirolaren Artezkaritza Kontseiluak datorren astelehenean, uztailak 6, Zuhaizti Udal Kiroldegiaren kudeaketa emakida berrirako pleguak onartuko ditu. Emakida hori uztailaren 7a baino lehen esleitu behar zen, Fortuna KE-arekin sinatutako egungo kontratua amaitu baino lehen, baina alarma-egoeran dekretatutako administrazio-epeak etetearen ondorioz, prozedura hori zenbait hilabete atzeratu da.

Hain zuzen ere, uztailaren 1ean bukatu da emakidaren bideragarritasun azterlanari buruzko jendaurreko epea. Azterlan hori alarma-egoeraren aurretik argitaratu zen, eta beharrezkoa da kontratuaren agiriak onartzeko.

Egoera hori dela eta, eta indarrean dagoen araudian ezarritakoaren arabera, Donostia Kirolaren Artezkaritza Kontseiluari ere eskatuko zaio emakidaren egungo esleipendunak, Fortuna KEak, zerbitzua ematen jarrai dezan, kontratazio-prozedura amaitu eta kudeatzaile berriari emakida esleitu arte.

Trantsizio-aldi horretan ustiapen ekonomikoaren bideragarritasuna bermatzeko, instalazioaren funtzionamendu-ordutegietan doikuntza batzuk egingo dira funtzionamendu-gastuak murrizteko, eta, hala, kudeatzailearentzako baldintza hobeak ezarriko dira.

 

Kontratu berria

Udal kiroldegi hau kudeatzeko kontratazio berria arautzen duten pleguek Kirol Txartelaren harpidedun guztiek igerilekuak eta gimnasioa dohainik erabiltzeko duten eskubidea mantenduko dute, eta ez da Zuhaizti txartelaren berariazko abonamendurik izango.

Kontratu berria 15 urterako esleituko da, eta esleipendunak, eskaintzen dituen zerbitzuekin sortzen dituen diru-sarrera propioez gain, konpentsazio ekonomiko aldakorra jasoko du, Kirol Txartelaren abonatutako pertsonek egiten duten erabileraren arabera. Lehenengo hiru urteetan, kontzeptu honengatik gehienez 673.000 €-ko ordainsaria jasoko du, eta hurrengo urteetan eguneratuko da.

Esleipendunak instalazioa hobetzeko inbertsioak ere egin beharko ditu, gutxienez 1.883.000 eurokoak (BEZa kanpo). Kopuru horretatik, 883.000 euro baldintza-orrietan zehaztutako inbertsioei dagozkie, eta kontratuaren lehen urtean egin behar ditu. Estalkia eta kiroldegiko hainbat ekipamendu (araztegia, klimatizazioa, transformadoreak…) hobetzeko obrak dira.

Gainerako 1.000.000 euroko inbertsioak kontratuaren 15 urteetan egin beharko dira, baina kontratuaren lehenengo 30 egunetan inbertsioa egin beharko dute gimnasioa eta indoor zikloaren gela hobetzeko.

 

Udalaren kirol instalazioen kudeatzaileentzako konpentsazioak

Bestalde, alarma-egoeraren adierazpenaren aurrean, eta 8/2020 Legegintzako Errege Dekretuaren 34.4 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Udalak kirol-klubak kudeatzen dituzten udal-instalazioak kudeatzeko kontratuak ezin gauzatu zitezkeela erabaki zuen, eta horrek emakidaren oreka ekonomikoa berrezartzeko eskubidea dakar, Donostia Kirolak klub kudeatzaile guztiei jakinarazi zien bezala.

Alde horretatik, emakida horietan sor daitekeen desoreka ekonomikoa konpentsatzeko hainbat modu ezarri dira. Desoreka ekonomikoa kalkulatzeko, kontuan hartuko dira, besteak beste, instalazio bakoitzeko abonatuei itxitura-egunei dagokien diru kopurua itzultzea edo ikastaroak bertan behera uzteari dagozkionak, entitate kudeatzaile bakoitzak egin behar dituen itzulketak, dagoeneko haiek kobratu dituzten zenbatekoak baitira.

Donostia Kirolaren ardura da Kirol Txartelaren abonatuei edo zuzenean kudeatzen dituen instalazioetan antolatutako ikastaroei dagozkien dirua itzultzea. Dagoeneko milioi bat eurotik gorako itzulketak egin dira.

Aktualitatea