Albisteak
Zesta puntaren Championsa, bigarren urtez Donostian
2026-09-09
Donostiak zesta-puntaren distira berreskuratu du, Jai Alai Leagueko Final Four-a bigarren urtez antolatuta. Denboraldiko pilotari onenak Carmelo Balda pilotalekuan elkartuko dira, Ligako titulu nagusiaren lehian. Urrian hasi zen lehiaketa eta ordutik hona, 260 partida ofizial jokatu dira 19 frontoitan. Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Iparraldea, frantziar estatua eta Florida (AEB) zapaldu dituzte Jai Alaiko pilotariek. 44 txapelketa puntuagarri guztira, gizon zein emakumeen kategorietan. Orain, sailkapeneko 8 onenek izango dute soilik Final Four-a jokatu eta Jai Alai League-a irabazteko aukera.
Iraila hilabete berezia da Donostian. Arraunlariek Kontxan egiten dute distira, aktore eta zuzendariek Zinemaldian eta Jai Alaiko artistek, Carmelo Balda frontoi “brutalista” zoragarrian. Iazko lehen edizioa arrakastatsua izan zen guztiz eta aurten ere, pilotariei ez zaie argi eta fokurik faltako. Euskal Telebistak Final Four-eko partida guztiak emango ditu bere lehen katean, gaueko 21:45-tan hasita. Ekainean sinatutako akordioarien ondotik, EITB Jai Alai League-ren erreferentziazko telebista bihurtu da.
Final 4-erako bidea
Jai Alai Leagueko denboraldiak urte osoa irauten du eta erregulartasuna da Final Four-era iristeko gako nagusia. Gizonezkoen lehen mailna, 10 Slam, 19 Master eta 5 Series jokatu dira, tartean: Eusko Label Winter Seriesa, Donibane Lohizuneko Nazioartekoak, Bilboko Iron Cupa, Floridako Biscayne Cup-a edota Biarritzeko Urrezko Xistera. Gehiago edo gutxiago jokatu, pilotari bakoitzak 6 Slam eta 8 Master puntuatu ditzake gehienez ere eta horri esker, berdintasuna izan da nagusi Paueko azken jardunaldira arte.
Denboraldiko aurrelaririk onena Xabi Barandika gernikarra izan da, Ligako egungo txapelduna. Winter Seriesean lesio larria izan arren, kantxetara itzuli eta udara ikusgarria jokatu du, Gernikan, Donibane Lohizunen eta Pauen irabazita. Orain, bere hirugarren Liga titulua bilatuko du, sailkapenean Erkiaga, Urreisti eta Johan Sorozabalen aurretik bukatu eta gero. Sorozabal lapurtarrak azken unean lortu du Final Four-erako sailkapena.
Atzelarietan, Thibault Basque izan da onena, guztira 4 Slam irabazita: Winter Seriesa, Cesta All Star-a, Donibane Lohizuneko Nazioartekoak eta Biarritzeko Urrezko Xistera. Atzean utzi ditu Gorka Sorozabal, Unai Lekerika eta Mikel Mancisidor “Manci” urrenez urren. Atzelari mutrikuarrak ere uda ona egin du eta lehen aldiz, Final Four-era sailkatzea lortu du.
Emakumeetan, Elaia Gogenola, Ligako egungo txapelduna eta Arai Lejardi izan dira postu bakoitzeko onenak. Aurreko koadroetan, Maite Ortiz de Mendibil, Ihart Arakistain eta Lur Lejardi sailkatu dira Gogenolaren atzetik. Atzean ostera, Frida Watkins zumaiarra, Maia Goikoetxea berriatuarra (egungo txapelduna Elaiarekin batera) eta Oaia Otaño mutrikuarra. Lur Lejardi eta Oaia Otañorentzat, beraien lehenengo Final Four-a izango da. Emakumeen Liga, 10 txapelketak osatu dute eta pilotari bakoitzak gehienez ere, 5 Masterretako puntuak batu ahal izan ditu, Final Four-era sailkatzeko.
Bikoteak eta partidak.
Final 4-ean jokatzeko, sailkapeneko lehen aurrelariak ranking-eko lehen atzelariarekin osatuko du bikotea; bigarrenak bigarrenarekin, eta horrela, lau bikoteak osatu arte. Karmelo Baldako zita handian bi finalerdi jokatuko dira – 1. sailkatuak 4.en aurka eta 2.ak 3.en kontra- eta ondoren final handia.
JAI ALAI LEAGUE · FINAL 4 · DONOSTIA.
· Irailak 14, 19:00tan. Lehen finalerdiak (ETB 1, 21:45h)
ELAIA-ARAI vs LUR-OAIA
BARANDIKA-BASQUE vs JOHAN-MANCI
· Irailak 21, 19:00tan. Bigarren finalerdiak (ETB 1, 21:45h)
MAITE-FRIDA vs IHART-MAIA
ERKIAGA-GORKA vs URREISTI-LEKERIKA
· Irailak 28, 19:00tan (ETB 1, 21:45h)
FINAL HANDIAK
Aktualitatea
Aktualitatea