Albisteak
Kirola Kalean programa berriak 60 doako kirol jarduera eskainiko ditu aire zabalean uztailean.
2025-06-27
Aire zabaleko espazioetan kirol jarduera sustatzeko helburu estrategikoaren ildotik, Donostia Kirolak Kirola Kalean programaren bigarren edizioa antolatu du. Kirola kalean aire librean egiten diren kirol jardueren programa bat da, eta uztailean egingo da hiriko hainbat gunetan. Herritar guztiei zuzendutako doako kirol-jardueren 60 saio programatu dira guztira, eta monitore espezializatuek dinamizatuko dituzte.
Programa horretan, hainbat jarduera sartzen dira, hala nola Nordic Walking (Ondarreta, Alderdi Eder eta Zurriola), Circuit Training (Altza eta Etxadi), GYM dinamizazioa (Bidebieta), Tai Chi (Txomin eta Aitzol parkea), Yoga (Anoeta), Kalistenia (Intxaurrondo eta Bentaberri) eta Parcour (Intxaurrondo). Jarduerak ekainaren 30etik uztailaren 24ra bitartean egingo dira.
Donostia Europar Batasuneko kirol-jardueren indize altuenetakoa duen hirietako bat da, Donostia Kirolak aldian-aldian egiten dituen kirol-ohiturei buruzko azterlanen arabera. Kirol ekipamendu publikoen sare zabala eta aire zabalean kirola egiteko aukera ugari konbinatuz, Donostiako herritarrek kirol praktika maila oso altuak lortu dituzte.
Iñaki Gabarain Kiroleko eta Bizimodu Osaunerako zinegotziak adierazten duenez, “hiriak kirola egiteko aukera ugari eskaintzen ditu, hiriguneetan zein naturguneetan. Herritarrek jolas-pistak, aire zabaleko gimnasioak, bidegorriak eta abar erabil ditzakete, baita ingurune naturalak ere, hala nola ibaia, hondartzak eta mendia. Egoera pribilegiatu horri esker, guztiek, adina edo trebetasun-maila edozein dela ere, beren osasuna eta ongizatea hobetzen dituzten jarduera fisikoak eta kirol-jarduerak egin ditzakete”.
Herritar guztiek parte hartu ahal izango dute, eta ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea. Beraz, nahi duenak nahi duen ikastarora joateko ordua eta lekua izango ditu. Edonola ere, aldez aurretik udal kiroldegietan edo Donostia Kirolaren webgunearen bidez izena ematea gomendatzen da, jarduera horiek behar bezala garatzeko behar diren baliabideak hobeto antolatu ahal izateko. Jardueren programa osoa Donostia Kirolaren webgunean aurki daiteke.
Aktualitatea
Aktualitatea