Albisteak

Kirol Txartelaren abonatutako pertsonen %80k baino gehiagok uste dute Udalaren kirol-instalazioak seguruak direla Covid19ren aurrean, Donostia Kirolak ezarritako segurtasun-neurrien ondoren

2020-11-13

Kirol Txartelera abonatutako pertsonen %80k uste du Donostia Kirolak Udalaren kirol-instalazioetan hartutako neurriek leku seguru bihurtzen dutela Covid19ren aurrean. Hilabete honetan egindako 2.500 pertsonek erantzun duten inkestatik horrela ondorioztatzen da. Aforoen kudeaketa, hartutako neurriei buruzko informazioa, maskararen erabilera betetzea eta garbiketa- eta desinfekzio-neurri bereziak balorazio positiboa izan dute.

Ildo beretik, joan den azaroaren 6az geroztik (larunbata), Donostia Kirolak neurri berriak hartu ditu kirol-jarduera Eusko Jaurlaritzak argitaratutako dekretura egokitzeko. Dekretu hori, printzipioz, azaroaren 30era arte egongo da indarrean.

- Ordutegiak: Udalaren kirol-instalazio guztiak 21:00etan itxiko dira

- Aldagelak: ezin dira aldagelak eta dutxak erabili, igerilekua erabiltzen duten pertsonen kasuan izan ezik, horiek aldagelak erabili ahal izango baitituzte aldatzeko, eta igerileku-barrutiko dutxak (aldageletakoak ezin izango dira erabili).

- Maskara: maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da kiroldegietan egiten diren espazio eta jarduera guztietan, baita gimnasioetan eta ikastaroetan kirola egiten den bitartean ere. Igerilekuan derrigorrezkoa izango da esparru osoan, igerilekuaren barruan izan ezik.

- Aforoak: espazio guztien edukiera %40ra murrizten da. 

- Ikastaroak: instalazioetan antolatutako kirol-ikastaro guztiak mantentzen dira, 21:00ak baino geroago amaitzen direnak izan ezik. Kasu horietan, talde bakoitzari irtenbidea bilatzen saiatuko dira, bai hasteko ordua aurreratuz, bai tokia duten beste ikastaro batzuetara pasatuz. Gainera, Donostia Kirola ikastaroak online ere emateko sistema bat ezartzen ari da.

- Alokairuak eta erreserbak: Pista, frontoi eta padel pisten alokairuak bertan behera utzi dira. Kanpoko frontoi eta pistetan bakarrik baimentzen da bakarka aritzea, elkarbizitza-unitate bereko pertsonak direnean izan ezik.

- Entrenamenduak eta lehiaketak: Bertan behera uzten dira eskolako eta federazioko entrenamendu eta lehiaketa guztiak, lehiaketa profesional edo erdi-profesionalean diharduten taldeenak izan ezik. Baimendutako lehiaketak jenderik gabe eginen dira beti.

Aktualitatea