Kirol Txartela Eusko Jaurlaritzaren Nik Patrika Digitala aplikaziotik ere erabil daiteke

2023-09-13

Eusko Jaurlaritzak aplikazio mugikor bat jarri du martxan, herritarrek beren egiaztagiriak euskarri digitalean gorde ahal izateko administrazio publikoen aurrean. NIK Patrika aplikazioak zorro digital gisa balio du plastikozko txartel gisa eraman ohi diren dokumentuak eramateko eta aurkezteko, eta horrek erosotasun, arintasun eta segurtasun handiagoa ahalbidetuko du beharrezko zerbitzuak eta izapideak jasotzeko orduan. Eusko Jaurlaritzaren programan jasotako eraldaketa digitalaren arloko proiektu estrategikoa da.

Txartel digital horiek plastikozko txartelen alternatiba eroso eta erraza dira, eta, txartel fisikoa bezala, hainbat erakunde edo zerbitzutan aurkez daitezke, hala nola farmazietan (osasun-identifikazioko txartelak-OTI), udal-liburutegietan, Gazte txartelean edo irakasleen txartelean, baita aplikazioan sartuta dauden udal-kiroldegietan ere.

Ildo horretan, Donostia Kirola izan da aplikazio hori ezartzeko proba pilotuetan parte hartu duen udal-erakundeetako bat, eta Kirol Txartela eskuragarri dago jada App honetan. Horrek Kirol txartel birtuala donostiakirola.eus webgunearen bidez deskargatzeko aukera osatzen du.

Txartel digitala mugikorrean deskargatu eta konfiguratu ondoren, dokumentua erakusteko keinu bakar batekin, erabiltzailea euskal administrazio publikoaren hainbat zerbitzutan identifikatu ahal izango da. Aplikazioari esker, ez da beharrezkoa poltsikoko txartela gainean eramatea, nahikoa da NIK zorro digitalean deskargatutako txartela agertzen den mugikorraren pantaila erakustea.

Gainera, zerbitzuak erabiltzeko, deskargatu ondoren ez da beharrezkoa gailuarekin Internetera konektatzea, aplikazioaren lehen konfiguraziorako konektatuta egotea baino ez du behar.

Laster, Donostia Kirolaren webguneko Abonatuaren gunerako sarbidea ere gaituko da, aplikazio honen bidez (ikastaroetan izena ematea, etab.) beste izapide batzuk egin ahal izateko.

 

Aktualitatea