Albisteak
Gorka Acebalen hitzaldiarekin hasiko da Familien Eskola, hastapeneko kiroleko espektatiben kudeaketari buruz
2026-02-18
Datorren asteazkenean, otsailak 25, hasiko da Familien Eskola zikloa, Gorka Acebalen hitzaldi batekin: “Espektatiben kudeaketa hastapeneko kirolean”. Saioa 18:30etan izango da Okendo Kultur Etxean, eta sarrera librea izango da lekuak bete arte.
Hitzaldia Donostia Kirolaren eta Rural Kutxa Gizarte Ekintzaren Bidelagun programaren barruan kokatzen da, kirolaren bidez balioetan oinarritutako hezkuntza bultzatzeko helburuarekin. Bidelagun programaren abiapuntua da kirola benetako balio-eskola dela, errespetuan, laguntasunean eta gozamen partekatu, aske eta seguruan oinarritua. Gainera, kirola inpaktu sozial handiko fenomeno gisa eta inklusioa, berdintasuna eta elkartasuna bezalako balioak sustatzeko tresna boteretsu gisa ulertzen du.
Donostia Kirolak, kirol eta gizarte erakunde eta eragileekin lankidetzan, kirolaren papera gizarte hobe baten eraikuntzan bultzatzeko egiten dituen ekintzak eta ekimenak biltzen ditu Bidelagunek.
Testuinguru horretan sortu da Familien Eskola. Programa egonkorra da, denboran jarraitua, eta, kirol-hezkuntzaren esparruan, kirol-praktikaren egunerokoan dauden hainbat errealitate eta problematikari helduko die. Klubei, entrenatzaileei, zuzendariei eta, bereziki, haurrei eta haien familiei zuzenduta dago.
Programa hainbat gairen inguruan garatuko da (seihileko bakoitzeko bat), eta hiriko zazpi gunetan emango dira, prestakuntza eta hausnarketa auzoetara hurbiltzeko.
Hautatutako lehen gaiak hastapeneko kirolean familiek eta haurrek dituzten itxaropenen kudeaketa landuko du. Gorka Acebal, coach eta pertsonen arloan, kirolean zein enpresa ingurunean, espezializatutako aholkulariak emango du hitzaldia.
Jarduerak Rural Kutxaren Gizarte Ekintza arloaren laguntza du. Familiek oinarrizko kirolean duten eginkizunari buruz hausnartzeko eta guztiontzako kirol ingurune osasungarriagoa eta aberasgarriagoa lortzen laguntzeko aukera.
Aktualitatea
Aktualitatea