Albisteak
Donostiako Atano III.a pilotalekua, gero eta pilota inklusiboago baten hazkuntzaren erakusleiho
2025-04-09
Inolako bazterketarik gabeko gizartean kirolak ere garrantzi handia duela ulertuta, duela zazpi urte Euskal Pilota Egokituko Sari Nagusiak bere alea jartzen hasi zen, gizarte gero eta inklusiboago baten aldeko lanean. Ordutik, kirol honen hazkundea ikaragarria izan da eta pilota gero eta inklusiboago horren erakusleihorik egokiena izango da Donostiako Atano III.a pilotalekua igande honetan. Kantxa historikoa da Amara auzokoa, pilotaren historian final handi asko jasotakoa eta aurten, lehen aldiz, Euskal Euskal Pilota Egokituko Sari Nagusiaren final handi bat hartuko du, eraiki mitikoaren memorian gordetzeko beste egun berezi horietako bat.
Bere betiko izaera erabat irekiari esker, kuantitaboki inoiz baino parte hartzaile gehiago aritu dira lehian aurre-kanporaketetan –adimen urritasuna duten 32 pilotari eta urritasun fisikoa duten 12–, eta kualitatiboki ere, kirolari hauen mailak nabarmen egin du gora, urtetik-urtera, Euskal Pilota Egokitua Sari Nagusiak hazten jarraitzen du eta sekulako ikuskizuna espero da Gipuzkoako hiriburuan, bi final orekatu eta faboritorik gabeetan. Ohikoa den bezala, lehenengo adimen urritasuna duten pilotarien arteko finala jokatuko da eta jarraian gurpildun aulkian lehiatu diren bi bikoterik onenak arituko dira elkarren artean lehian, txapel preziatuen bila.
Horren guztiaren atzean kirolari bikain hauek egunero egiten duten lana dago. Aurten pilota egokituko zirkuitu bat jokatu da lehen aldiz eta astero-astero jarraikortasunarekin entrenatu eta lehiatzeko aukera eduki izana funtsezkoa izan da hazkuntza horretan.
Berrikuntza teknologikoak
Baina bada besterik. Berrikuntza bezala, etengabeko hobekuntza horren barruan, gurpildun aulkian aritzen diren pilotariek karbonozko pala iraultzaile batzuekin jokatuko dute eta pilotak ere azkarragoak eta txikiagoak izango dira, jokoari abiadura eta ikusgarritasun handia emanaz.
Gaurko Atano III.eko aurkezpenean, finaletako protagonistez harago, Blanca Aranguren Gipuzkoako Kirol Egokituko federazioko presidentea, Karmele Segura eta Borja Yubero, Laboral Kutxako ordezkariak eta Iñaki Gabarain, Donostiako Udaleko Kirol zinegotzia izan dira eta kirolari eredugarri hauen lana balorean jartzeaz harago, pilotazale eta kirolzale guztiei dei egin diete igandean Atano III.a bete eta pilotariei merezi duten errekonozimendua eskaintzeko.
Donostiara gerturatzerik ez dutenentzat, jaialdia ETB-1 eta eitb.eus en zuzenean emango da eta nazioartean ere ikusteko modua izango da ETB Basque katearen bidez.
Aktualitatea
Aktualitatea