Donostia zesta-puntaren epizentroa bihurtuko da Jai Alai Leagueko Lauko Finalarekin

2025-09-26

 

Carmelo Balda pilotalekua berriro bete zen joan den astelehenean, Jai Alai Leagueko Lauko Finaleko finalerdiak hartzeko, Donostia zesta-puntaren gune neuralgiko berria bihurtu duena. Ikusmin handia izan zen kantxa barruan zein kanpoan, familia, koadrila eta zaleekin, zuzeneko musika, pintxoak eta Hondarribiko pilotari gazteen erakustaldiak lagun.

Arratsaldea emakumezkoen kategoriarekin hasi zen, non Elaia eta Maia nagusitasunez gailendu ziren (15-12, 15-9) eta publikoaren txalo zaparrada jaso zuten. Hurrengo astelehenaren finalean, Sorozabal-Arai bikotearen kontra arituko dira. Gizonezkoen finalerdian, frontoia ia beteta zegoela, Barandikak eta Lopezek maila handiko partida sinatu zuten Erkiaga eta Gorkaren aurka (15-7, 15-9), finalerako txartela lortuz, Urresti eta Basqueren aurka.

Carmelo Baldan bizi izandako giroak txapelketaren azken fasea Gipuzkoako hiriburura ekartzen asmatu izana berresten du. Iñaki Gabarain Kirol zinegotziak adierazi zuen bezala, «akordio hau estrategikoa da Donostia Kirolarentzat; pixkanaka pilotak hirian izan behar duen lekua berreskuratzen ari gara».

Final handia datorren astelehenean, irailaren 29an, jokatuko da eta sarrerak 20 eurotan daude eskuragarri Eraman! Jai Alai eta frontoiko leihatiletan. Donostia Kirolak eta Eraman! enpresa antolatzaileak sinatutako akordioari esker, hurrengo hiru urteetan Donostian jarraitzea bermatuta duen edizio baten amaiera izango da.

.Apustu horrekin, Gipuzkoako hiriburuak zesta-puntaren erreferente gisa duen zeregina indartu du, nazioarteko zirkuituan leku pribilegiatua berreskuratuz eta Carmelo Balda Euskadiko puntismoaren agertoki handi gisa sendotuz.

Aktualitatea