Albisteak

Donostia Kirolak Kirol Txartelaren kuotaren zati proportzionala itzuliko du, Udalaren kirol instalazioak ixten diren egunei dagokiena.

2020-04-06

Covid19k eragindako osasun-larrialdia dela eta, martxoaren 13tik aurrera udalaren kirol-instalazioak itxi izanak eragotzi egin du Kirol Txartelera abonatutako pertsonek instalazio horiek erabiltzea denboraldi horretan; horregatik, Donostia Kirolak erabaki du urteko kuotaren zati proportzionala itzultzea Kirol Txartelera abonatutako pertsona guztiei. Udalaren kirol instalazioak berriro ireki ondoren, abonatuei dirua eta itzultzeko prozedura jakinaraziko zaizkie.

Lauhileko ordainketa duten abonatuei dagokienez, Donostia Kirolak ez du maiatzaren hasieran aurreikusitako bigarren lauhilekoaren ordainagiria igorriko. Ordainagiri hori emango da kirol instalazioak berriro irekita daudenean, eta ordura arte erregistratutako itxiera egunen adinako deskontua izango du.

Maiatzaren 31n amaitzen ziren denboraldiko kirol-ikastaroei dagokienez, Donostia Kirola ekainean galdutako eskolak berreskuratzen saiatuko da, baina, hori ezinezkoa balitz, emandako saioen arabera ordaindutako prezioaren zati proportzionala itzuliko litzateke.

Donostia Kirolak gogorarazi nahi du, instalazioak itxi eta jarduerak bertan behera utzi arren, garrantzitsua dela egoera horretan aktibo egotea. Horretarako, abonatu eta ikastaroetan izena eman duten pertsona guztien eskura jarri du 350 kirol-saio birtualetan doan sartzeko aplikazioa, konfinamenduak irauten duen bitartean. Gainera, Donostia Kirolak antolatzen dituen ikastaroetako monitoreak bideoak grabatzen hasi dira, Donostia Kirolaren youtube kanalean eskuragarri dauden ariketa eta jarduerekin.

Azkenik, gehitu behar da Udalak eta Donostia Kirolak erabaki dutela udalaren kirol instalazioetan diharduten langile guztien (monitoreak, sorosleak, etab.) lan baldintzak mantentzea. Hori, ahalegin ekonomiko handia izan arren, lehentasun bat da egoera berezi honetan.

 

Aktualitatea