Albisteak

Donostia Kirolak kirol klubentzat digitalizazio-egoeraren autodiagnostikorako tresna aurkeztu du

2023-11-14

2021ean, Donostia Kirolak azterketa aitzindaria egin zuen kirol arloan, hiriko kirol kluben digitalizazioaren egoera ezagutzeko helburuarekin. Aztertutako alderdien emaitzek erakutsi zuten erakunde horien garapen digitala oso oinarrizkoa zela, gure gizarteko beste sektore batzuen oso azpitik.

Klub gehienek uste dute digitalizazio-egoera baxuan daudela (batez besteko balorazioa 10etik 5,5ekoa da), eta, gai horretan aurrera egiteko interes handia erakusten badute ere, adierazi dute baliabide ekonomiko urriak, denbora falta, prestakuntza-defizita edo langile falta direla aurre egin beharreko oztopoak.

Azterlan horren emaitzen ondorioz, Donostia Kirolak eraldaketa digitalari laguntzeko plan bat diseinatu zuen hiriko kirol-klubentzat, eta aholkularitza-plan pilotu bat egin zen, tamaina eta tipologia desberdineko lau kluben parte-hartzearekin. Gainera, digitalizazio-proiektuak bultzatzeko dirulaguntzen lerro berri bat sartu zen.

Plan pilotu horren emaitzek aholkatu zuten kirol-klub bakoitzaren digitalizazio-egoeraren autodiagnostikoa errazteko tresna bat diseinatzea, eta, aldi berean, prozesu horretan aurrera egiteko zenbait jarraibide eskaintzea.

Horregatik, Donostia Kirolak kirol-klub guztien eskura jarri du haien digitalizazio-maila ezagutzeko tresna bat, lau bloke handi ebaluatuz (webgunea, komunikazioa, barne-kudeaketa eta ekipamendu teknologikoa). Gainera, diagnostiko hori egin ondoren, eta emaitzaren arabera, tresnak garatu beharreko ekintza posible batzuk eskainiko dizkio, kostuaren maila eta beharrezko epea adierazita. Azkenik, horiek gauzatzeko dauden baliabideen berri emango dizu.

Kirol-klubek plataforma horretan bakarrik erregistratu beharko dute, eta nahi beste aldiz egin ahal izango dute autodiagnostikoa. Tresnak emaitzen historikoa emango die, ekintzak inplementatu ahala lortutako digitalizazio-mailaren jarraipena egin ahal izan dezaten.

 

2023ko dirulaguntzen deialdia

Bestalde, Donostia Kirolak bikoiztu egin du kirol-klubak digitalizatzeko proiektuak diruz laguntzeko kopurua. Dirulaguntza lerro hori 2022an sartu zen lehen aldiz, eta aurten 40.000 € bideratuko ditu proiektu hauetarako: bazkide eta kirolarientzako atariak ezartzea, online izapideak kudeatzea, webguneak egokitzea, bazkideekin komunikatzeko tresnak ezartzea edo beste zerbitzu digital aurreratuagoak diseinatzea.

Dirulaguntzak eskatzeko epea azaroaren 30era arte egongo da zabalik.

Aktualitatea