Albisteak
Donostia Kirolak Kirol Ekintzak 2026/27 kanpaina abiatu du, ia 9.000 pertsonak izena emanda
2026-09-16
Parte-hartzea %10 hazi da iazkoarekin alderatuta, eta %25 azken bi urteetan; guztira, 73 kirol-modalitatetako 1.601 ikastaro eskaintzen dira
Kirol Ekintzak 2026/27 kirol-ikastaroen kanpainak denboraldi berriari ekin dio, parte-hartzeak gora egin duelarik. Dagoeneko ia 9.000 lagunek eman dute izena Donostia Kirolaren ikastaroetan, 2025ean baino %10 gehiagok. Azken bi urteetan, parte-hartzaileen kopurua %25 hazi da, eta, horrela, kirol-kanpaina honen goranzko joera sendotu da.
Denboraldi honetako programazioak 73 kirol-modalitatetako 1.601 ikastaro biltzen ditu, adin eta maila guztietako pertsonei zuzendutako proposamenekin. Ikastaroak datorren irailaren 21ean hasiko dira eta ekainaren 12ra arte luzatuko dira.
Eskaintzan hainbat espazio eta diziplinatako jarduerak daude. Igerilekuan, besteak beste, igeriketa, uretako mantentze-gimnasia edo bizkarreko terapia egin daitezke; aretoan, berriz, indoor zikloa, pilates, GAP, TRX, Cross Training, gimnasia, 65 Plus, judoa edo hipopresiboak eskaintzen dira. Programazioa tenis eta padel ikastaroekin eta aire zabaleko jarduerekin, hala nola runninga edo surfa, osatzen da.
Denboraldi honetan, gainera, uretako HIIT jarduera berria gehitu da eskaintzara. Uretan egiten den intentsitate altuko entrenamendua da, energia, erritmoa eta esfortzu fisikoa uztartzen dituena. Indarra eta erresistentzia lantzen ditu, uraren erresistentzia aprobetxatuz muskulatura eta gaitasun kardiobaskularra indartzeko. Aldi berean, inpaktu txikiko jarduera denez, artikulazioak babesten ditu, eta kaloria-gastu handiko entrenamendua eskaintzen du.
Adin guztietan hazkundea
Hazkundea bereziki nabarmena da programatutako jarduera batzuetan. Hala, Circuit Training jarduerak %17ko igoera izan du, eta Total Body-k %27koa. 65 urtetik gorakoentzat zuzendutako jardueren bilakaera ere nabarmentzen da; horietan, parte-hartzea %21 hazi da.
Eskari handiena duten jardueren artean daude helduentzako pilatesa, haurrentzako igeriketa eta Gimnasia 65 Plus. Guztira, hiru modalitate horiek 2026ko izen-emate guztien %51,6 hartzen dute.
Bilakaera horri esker, Donostia Kirolak aurreikusten du kanpainaren amaieran 12.000 pertsonatik gora egongo direla izena emanda.
Aukeran modalitatea ere hazten ari da
Aukeran modalitateak, erabiltzaileei kirol-ikastaro desberdinetara modu malguan sartzeko aukera ematen dienak, gero eta onarpen handiagoa du.
Joan den denboraldian, 1.132 lagunek parte hartu zuten zerbitzu honetan, eta guztira 17.166 erreserba egin zituzten; batez beste, 16 saio pertsonako. Modalitate honen erabilera %12 hazi da 2025/26 kanpainarekin alderatuta.
Aukeran zerbitzuan ere, pilatesa da eskari handiena duen jarduera, 5.700 saio erreserbaturekin. Atzetik ditu indoor zikloa, 2.664 saiorekin, eta Total Body, 2.330 saio erreserbaturekin.
Datu horiek erakusten dute Aukeran modalitateak eskaintzen duen malgutasunak balio handia izaten jarraitzen duela kirola ordutegi eta beharretara egokitu nahi duten pertsonentzat.
Kirolaren Europako Astea: doako jarduerak eta ate irekiak
Kirol Ekintzak kanpainaren denboraldi berriaren hasierarekin batera, Kirolaren Europako Astea ospatuko da irailaren 21etik 25era. Europako Batzordearen ekimen honek kirola eta jarduera fisikoa sustatzea du helburu, #BeActive lelopean, eta herritarrak urte osoan aktibo egotera animatzen ditu.
Aste horren harira, Donostia Kirolak kudeaketa zuzeneko kirol-guneetako ateak irekiko ditu, herritarrek instalazioak ezagutu eta erabili ahal izan ditzaten. Horretarako, interesdunek harrera-lekura joan eta doako sarrera eskatu beharko dute.
Gainera, irailaren 26an, larunbatean, doako kirol-jarduerak eskainiko dira udal-kiroldegietan. Edukiera dela eta, jarduera horiek Kirol Txartelaren abonatuentzat izango dira. Doako saioetan parte hartzeko izen-ematea online egin ahal izango da donostiakirola.eus webgunearen bidez, baita kiroldegietan bertan ere, irailaren 21etik aurrera.
Izen ematea
Bikainera hurbiltzen den balorazioa
Parte-hartzearen bilakaera onari erabiltzaileek zerbitzuari egiten dioten balorazio positiboa gehitzen zaio. Kirol-ikastaroetako parte-hartzaileen artean urtero egiten den inkestak 10etik 8 inguruko puntuazioa mantendu du.
Baloraziorik onena jaso duten alderdien artean, bereziki nabarmentzen dira monitoreen lana, informazio- eta izen-emate prozesuak —online modalitatearen balorazio bereziki positiboarekin— eta klaseen garapena.
Inkestaren emaitzek, beraz, gogobetetze-maila handia erakusten dute Donostia Kirolaren kirol-ikastaroen eskaintza osatzen duten elementuei dagokienez.
Aktualitatea
Aktualitatea