Albisteak
Donostia Kirolak instalazio-sarea handitu du Bretxako kirolgune berriarekin
2025-12-11
Donostia Kirolak behin betiko hartu du bere gain Parte Zaharreko Arrandegi eraikinean dagoen Bretxako kirolgunearen zuzeneko kudeaketa. Ekipamenduak 1.233 m²-ko azalera du, bi solairutan banatuta, eta udaleko kirol-instalazioen sareari gehitu zaio, hiriko eskaintza indartzeko eta auzoaren eskari historikoari erantzuteko.
Espazio berriak kirol anitzeko pista bat du, 30 x 20 metrokoa, saskibaloirako, boleibolerako eta eskubaloi txikirako erabil daitekeena eta laster areto-futbolerako ere prestatuko dena. Aldagelak, komunak, biltegiak, teknikarientzako eta arbitroentzako guneak eta erabiltzaileentzako armairuak ere baditu. Bigarren solairuan jarduera anitzeko gela bat dago, 80 m²-koa, jarduera gidatu eta dinamikoetarako.
Kirol Ekintzak udal-eskaintzaren barruan, dagoeneko bertan egiten dira Gimnasia 65+, Pilates eta Ttipi-ttapa jarduerak, eta guztira Parte Zaharreko 80 bizilagun baino gehiago daude izena emanda. Kirolgunea funtsezko baliabide bihurtu da hezkuntza- eta gizarte-ingurunerako; izan ere, Orixe ikastolari zerbitzu ematen dio gorputz-hezkuntzako eskoletarako, eta Elizaran, Kai Alde eta Matia erakundeak ere bertan ari dira jarduerak egiten, aldi baterako.
Kiroletako zinegotzi Iñaki Gabarainek azpimarratu duenez, Bretxako kirolgunea instalazio modernoa eta gertukoa da, auzoaren beharrei erantzuteko eta kirol-ekipamenduen udal-sarea indartzeko pentsatua. Espazio berri horrekin, kirola pertsona guztiei hurbiltzeko eta hirian ohitura osasungarriak sustatzeko konpromisoan aurrera egiten jarraitzen dugu".
Bretxako guneak urtarriletik aurrera irekiko ditu ateak, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 21:30era, eta larunbatetan, Orixe ikastolako eskola-kiroleko programazioaren arabera. Pista eta aretoa online edo aurrez aurre erreserbatu daitezke, eta erabiltzaileek kirolgunean bertan egin ditzakete Kirol Txartelarekin lotutako izapide guztiak, bai eta Kirol Ekintzaren jardueretan eta Piztu programan izena eman ere.
Piztu programa aldamenean dagoen Osakidetzako osasun-zentroarekin lankidetzan egiten da, eta 70 parte-hartzaile ditu jada. Horri esker, Donostia Kirolak indartu egiten du osasuna sustatzeko eta prebenitzeko tresna gisa jarduera fisikoaren alde egiten duen apustua.
Aktualitatea
Aktualitatea