Donostia Kirolak denboraldi berriari hasiera eman dio, udal kirol zentroetan abonatu eta erabilera errekorrak gaindituz

2025-10-10

 

Donostia Kirolak 2024an izandako goranzko joera sendotzen duten zifra historikoekin ekin dio denboraldi berriari. Bai Kirol Txartelaren abonatu kopuruari dagokionez, bai instalazioen erabilerari eta kirol-jardueretan parte hartzeari dagokienez, datuek Donostiako kirolaren errekor berri bat berresten dute.

 

Kirol Txartelaren abonatuen errekorra

Irailaren amaieran, Kirol Txartelak 49.500 abonatu baino gehiago ditu, 2024ko data berean baino % 3,5 gehiago (1.675 abonatu gehiago). Bilakaera horrekin, 2025aren amaieran 52.000 abonatuetara hurbiltzea aurreikusten du Donostia Kirolak, eta horrek ia 8.000 abonatuen igoera ekarriko luke lau urtean.

 

Garrantzitsua da azpimarratzea 15 eta 30 urte bitarteko gazteen alta berrien igoera irailean, 2024ko datua baino %9 handiagoa. Zalantzarik gabe, Rural Kutxarekin sinatutako akordioak, gazte horiei kuotaren %50eko hobaria ematen dienak, igoera horretan lagundu ahal izan du. 500 gazte baino gehiagok izapidetu dute hobari hori Rural Kutxaren bulegoetan.

 

Udalaren kirol-instalazioen erabilerak

Sarbide kopurua ere errekorrera iritsi da: irailera arte, abonatutako pertsonek 1.923.194 erabilera egin dituzte udal instalazioetan, hau da, 2024an baino %7 gehiago. Zeharkako kudeaketako instalazioak eta futbol zelaiak batuta, urtea ia 4 milioi erabilerarekin itxiko dela kalkulatzen da.

 

Paco Yoldi da oraindik ere zentro erabiliena, eta haren atzetik daude Zuhaizti, Altza eta Bentaberri; Etxadi, berriz, %25eko hazkundearekin nabarmendu da aurten. Asteartea da jenderik gehien biltzen duen eguna, eta 20 urteko abonatuak dira rankingaren buruan, urtean 38.000 sarrera baino gehiagorekin.

 

 

 

 

 

Parte-hartze handiagoa Kirol Ekintzak ikastaroetan

Kirol ikastaroen kanpaina berria irailaren 22an hasi zen, eta 8.000 pertsonak baino gehiagok eman dute izena dagoeneko, 2024an baino %12 gehiagok. Nabarmentzekoak dira Circuit Training (+% 45), Jarduera bateratua (+%36) eta Total Body (+%18) bezalako jardueren hazkundeak, baita 65 urtetik gorakoentzako jardueren hazkunde nabarmena ere (+%21).

 

Gehien eskatzen diren jardueren artean daude Pilates helduetan (1.376 lagunek eman dute izena) eta haur igeriketa (1.929k eman dute izena). Donostia Kirolak aurreikusten du ikasturte amaieran 11.000 pertsona baino gehiagok izena ematea, epea ikasturte osoan irekita mantentzen baita.

 

Aukeran modalitatearen erabilerak ere gora egin du, hainbat ikastarotan modu malguan sartzeko aukera ematen baitu: irailera arte, 900 pertsonak 11.000 saio erreserbatu dituzte, iaz baino %9 gehiago.

 

Lehen mailako kirol-egutegia

Kirol denboraldiaren hasierarekin batera, hitzordu handiak izan dira hirian, hala nola WTA Nazioarteko Tenis Opena, Golf Legends Cup Txapelketa, Kontxako Estropadak eta Jai Alai Leagueko finalak, Carmelo Balda pilotalekua bete zutenak.

Aktualitatea