Albisteak

Donostia Kirolak 880.000 euroko diru-laguntza emango du hiriko ikastetxe eta kluben kirol-jarduerarako

2022-06-29

Diru-laguntza horien zenbatekoa 40.000€ handitu da 2022an, eta, berrikuntza gisa, kirol-kluben eraldaketa digitalerako laguntza-lerro bat sartu da.

Donostia KIROLAk kirolerako 880.000 euroko diru-laguntza deialdia onartu du aurten (2021ean baino % 5 gehiago), hirian kirola sustatzearen alde lan egiten duten erakundeentzat.

Donostia Kirolaren plangintza estrategikoan ezarritako ildoen arabera, onartutako oinarriek lehentasuna emango diete eskola-kirolari eta oinarrizko kirolari, emakumeen kirolari, bertako kirolei eta kirol egokituari. Berrikuntza gisa, 2021ean egindako diagnostikoaren ondoren, kirol-kluben digitalizazioari laguntzeko lerro berri bat sortu da.

Kluben funtzionamendu arrunterako laguntza (495.000 €). Bertan, federatutako lizentzien kopurua (emakumeen lizentzietarako puntuazio handiagoa dutenak, oinarrizko kirola, kirol autoktonoa eta kirol egokitua), taldeen lehiaketa-eremua, sekzio-kopurua eta UDA kanpainaren barruko jardueren antolaketa baloratzen dira. Partida hori 10.000 €handitu da aurreko urtearekin alderatuta.

Eskola-kiroleko diru-laguntzak (255.000 €) (2021ean baino 10.000 €gehiago) bideratzen dira ikastetxeen egiturak garatzera, 15.000 haurrek baino gehiagok parte hartzen duten eskola-kiroleko jarduerak antolatu eta garatzeko. Lehiaketa-jardueretan parte hartzea, begiraleen kualifikazioa eta prestakuntza-ikastaroak, sustapen-jardueretan parte hartzea eta hiriko eskola-kiroleko jardueretarako instalazio propioak lagatzea baloratzen dira.

Aparteko kirol-jarduerak antolatzea (110.000 €). Zenbateko berari eutsiko zaio aparteko kirol-jardueretarako (jolas- edo herri-jarduerak, kirol-ekitaldiak...) eta kirol autoktonoetarako diru-laguntzetarako, batez ere pilota-eskolen sustapenean. Kopuru horren % 37 bertako kiroletarako da.

Kirol-kluben eraldaketa digitalerako laguntzak (20.000 €). Donostia Kirolak 2021ean egindako ikerketa aitzindariak egiaztatu zuen hiriko kirol-kluben digitalizazio-maila oso txikia zela, sektore gehienen azpitik. Horregatik, Donostia Kirolak, egoera hori ikusarazteaz gain, klubei beharrezko eraldaketa digitalean laguntzeko hainbat ekintza diseinatu zituen.

Ekintza horien artean, diru-laguntzen lerro berri hau sartzea dago, hainbat proiektu lagunduko dituena, hala nola bazkide eta kirolarientzako atariak ezartzea, online izapideak kudeatzea, web-orriak egokitzea, bazkideekiko komunikazio-tresnak ezartzea edo beste zerbitzu digital aurreratuago batzuk diseinatzea.

Diru-laguntza lerro desberdinetarako eskabideak abuztuaren 1etik aurrera aurkeztu ahal izango dira, Donostia Kirolaren web orriaren bidez.

Aktualitatea