Donostia, "Jai Alai League"-ko Hiriburu!

2025-04-15

 

Irailetik aurrera, Donostiako hiria "Jai Alai League"-ko hiriburu bihurtuko da. Zesta-puntako Liga profesionalak Iparraldeko, Hegoaldeko eta Floridako hiriak zapaldu ditu (Bilbo, Donibane Lohizune, Gasteiz, Biarritz, Dania-Florida, Pau, Gernika...) eta Donostiako Carmelo Balda pilotalekuan izango du merezitako amaiera. Donostia Kirola eta Eraman! enpresaren arteko akordioa hurrengo hiru urtetarako da (2025, 2026 eta 2027). Modu honetan, Donostia zesta-punta profesionaleko erreferentzia nagusia izango da berriz ere, bai gizonezkoen kategorian bai emakumezkoetan.

Beste era batera esanda: Donostiak zesta-puntako final garrantzitsuenak bertara ekartzea lortu du, Balda pilotalekua diziplina honetako erreferentzia nagusi bihurtu du eta Donostia Pilota planean jasotako helburuak bete ditu, hiria berriz ere, euskal pilotako plaza nagusi bihurtuz. Iñaki Gabarain, Donostiako Kirol eta Bizitza Osasungarriko zinegotziaren esanetan “akordio hau estrategikoa da Donostia Kirolarentzat. Donostiak pilotaren munduan izan behar duen garrantzia berreskuratzen ari gara pixkanaka eta bide horretan zesta-puntako final hauek Carmelo Baldan hartzea aurrerapauso izugarria da”

DONOSTIAKO FINAL FOUR-A
Jai Alai League-k urte osoko iraupena dauka. Urrian hasten da, Gernikako Eusko Label Winter Seriesean eta txapelketaz txapelketa, pilotariak puntuak pilatzen doaz Ligako ranking ofizialean. Prestigio handiko txapelketak daude tartean, hala nola, Biarritzeko Urrezko Xistera, Bilboko Iron Cup-a, Donibane Lohizuneko Nazioartekoak edota Floridako Biscayne Cup-a. Gasteiz ere Jai Alai Leagueko egoitza ofziala da eta baita, Mutriku eta Zumaia (Gipuzkoa), Durango, Markina-Xemein eta Lekeitio (Bizkaia) eta Pau hiria ere (Biarno, Frantzia).

Txapelketa hauetan guztietan batutako puntuekin, Jai Alai Leagueko azken sailkapena osatzen da eta rankingeko pilotari onenek urteko titulua. Zehazki, rankingeko lau aurrelari eta lau atzelari onenek jokatuko dute Final Four-a edo Ligako azken fasea Carmelo Balda frontoi ikusgarrian.

Azken fase honetan bi finalerdi eta final handia jokatuko dira eta bertan erabakiko da denboraldiko bikote txapelduna. Momentu honetan, Barandika eta Lopez dira Ligako txapeldunak gizonezkoetan. Emakumezkoen kasuan, aurtengoa da Jai Alai Leaguen lehen urtea, denboraldi historikoa da beraz eta Donostian ezagutuko ditugu historiako lehenbiziko emakume txapeldunak.

 

Aktualitatea