Donostia arrosaz tindatuko da igande honetan XI. Katxalin Martxa Solidarioarekin

2025-11-11

 

2025eko azaroaren 16an, igandean, Katxalin Martxa Solidarioaren 11. edizioa egingo da, BioGipuzkoa Zentroko bularreko minbiziaren ikerketaren alde, KATXALINek antolatuta eta goizeko 11:00etan Alderdi Ederretik abiatuta.

Antolatzaileek gaixotasun honi ikusgarritasuna eman eta ikertzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu nahi dute. Bularreko minbiziak oso presente jarraitzen du, eta gero eta emakume gazteagoei eta gizonei eragiten die. Iñaki Gabarain Kiroletako eta Bizitza Osasungarriko zinegotziak adierazi duenez, "Katxalin Martxa adibide bat da kirola elkartasun ekintza bihurtzeko. Elkarrekin egiten dugun urrats bakoitza bularreko minbiziaren aurka borrokatzen direnen aldeko mezua da, eta ikerketaren aldeko apustu garbia. Igande honetan Donostia energia positiboz betetzea eta marea arrosa inoiz baino handiagoa izatea nahi dugu. "

Aurtengo nobedade bezala, martxa hasi aurretik, goizeko 10:00etan, taldekako beroketa izango da, Eureka Danceko zuzendari Oliber Nesterren eskutik.

Lau kilometro eta erdiko ibilbidea Alderdi Ederretik abiatuko da, udaletxearen paretik, Boulevardetik jarraituz, Kusaal zubia eta Zurriola hiribidea zeharkatuko ditu Saguesen dagoen Bakearen Usoraino, eta Salamanca pasealekuraino itzuliko da, Abuztuaren 31 kaleraino, Kale Nagusiraino, Igentea kaleraino eta Alderdi Ederrera bueltan.

Antolatzaileen helburua aurtengo marea arrosak 5.000 parte hartzaile baino gehiago izatea da.

Izen-emateak

Online izen-emateak itxita daude jada, baina izen-emate presentzialak egiten jarrai daiteke martxaren egunera arte. Aurrez aurreko izen-emateak Eroski Urbil, Eroski Garbera, Deportes Apalategui Zurriola, Deportes Apalategui Woman, Bergarako, Zumarragako eta Legazpiko Katxalin ordezkaritzetan egingo dira; eta, martxaren egun berean, Alderdi Ederreko udaletxeko terrazan.

Izena ematearen prezioa 8,00 €-koa da, eta Martxa Solidario honetan bildutako dirua BioGipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuko Bularreko Minbiziaren Ikerketa Taldeari emango zaio.

Aktualitatea