Albisteak
Doako kirol jarduerak eta ate irekiak Kirolaren Europako Astean
2025-09-19
Kirolaren Europako Astea Europako Batzordearen ekimen bat da, Europa osoan kirola eta jarduera fisikoa sustatzeko. Kanpainaren gai nagusia “#BeActive” da, eta pertsona guztiak animatzen ditu aste horretan eta urte osoan aktibo egotera.
Kirolaren Europako Astea dela eta, irailaren 22tik (astelehena) 26ra (ostirala), Donostia Kirolak kiroldegietako ateak irekiko dizkie ezagutu eta erabili nahi dituzten pertsona guztiei. Horretarako, interesdunek harrera-lekura joan beharko dute, eta doako sarrera eskatu. Sarrera horiek Paco Yoldi, Gasca, Belodromoa, Egia, Altza, Intxaurrondo, Bentaberri, Etxadi eta Bidebieta kiroldegietan erabiliko dira, gimnasioak eta igerilekuak erabili ahal izateko.
Gainera, irailaren 27an, larunbatean, udal kiroldegietan doako kirol jardueren eskaintza egongo da, eta, edukiera dela eta, Kirol Txartelaren abonatuentzat gordeko dira. Guztira, doako 260 plaza izango dira Circuit Training, Pilates, Total Body, Latinzumba, GAP , Dantza Latinoak edo Stretching. Horrez gain, Ziklo Indoorreko master class maratoia egingo da Yoldin.
Doako saio horietarako izen-ematea on-line egin ahal izango da donostiakirola.eus webgunearen bidez edo aurrez aurre ematen diren kiroldegietan, irailaren 22ko 9:00etatik aurrera (astelehena)
Kirol Ekintzak kanpainaren hasiera
Kirolaren Europako Asteak bat egiten du Kirol Ekintzak kanpainaren denboraldi berriko ikastaroen hasierarekin. Ikastaroak irailaren 22an hasiko dira, astelehena, eta 2026ko ekainaren 14ra arte iraungo dute. Oraingoz, 7.200 pertsonak baino gehiagok hasiko dituzte ikastaroak egun honetan (aurreko ikasturtean baino % 21 gehiagok). Izena emateko epea zabalik dago kanpaina osoan eta plazak libre dauden bitartean. Aurreikuspenen arabera, azken parte-hartzea 10.000 pertsonatik gorakoa izango da.
Aurreko kanpainetan bezala, haur igeriketa da gehien eskatzen den aukeretako bat (hiruhileko ikastaroak), 2.000 haur prestatu baitira igeri egiten ikasteko edo haien estiloa hobetzeko. Helduen artean, pilates, uretako gimnasia, indoor zikloa eta total body dira pertsona gehien biltzen dituzten jarduerak. 65 urtetik gorakoek ere talde oso garrantzitsua osatzen dute, 1.200 pertsona baino gehiago hasiko dira gimnasiarekin aretoan edo igerilekuan, edo igeriketa ikastaroekin.
Gazteen artean, Cros training, TRX, Circuit Training edo Total Training bezalako jarduerak nabarmentzen dira.
Ikasturte honetako berrikuntzetako bat Bretxako instalazioko ikastaroen eskaintza izango da, 65 plus pilates eta gimnasia antolatuz.
Aktualitatea
Aktualitatea