Albisteak
Binter NightRun Donostia lasterketaren III. edizio honek marka guztiak hautsi ditu eta bertan 2.650 korrikalarik parte hartuko dute larunbat honetan.
2026-06-03
Larunbatean, ekainaren 6an, egingo da Binter NightRun lasterketaren hirugarren edizioa Donostian. Hiriko egutegian dagoeneko finkatutako kirol-hitzordu bat da, non 2.650 parte-hartzaile bilduko diren, aurreko edizioan baino % 10 gehiago.
Lasterketak Saguesen izango ditu irteera eta helmuga; era horretan, lehen edizioko kokaleku enblematiko hori berreskuratzen da. Lasterketak berriro ere kirolez, jai-giroz eta elkartasunez beteko ditu hiriko kaleak. Binter NightRun Series 2026 zirkuitu nazionalaren parte da proba hori. Aurten, Santa Cruz Tenerifekoan, Palman, Murtzian, Zaragozan eta Las Palmas Kanaria Handikoan egingo da, besteak beste.
Kiroletako eta Bizitza Osasungarriko zinegotzi Iñaki Gabarainek azpimarratu duenez, “gure hiriak bizi duen kirol-dinamismoaren eta kirolak ohitura osasungarrien inguruan milaka pertsona biltzeko duen gaitasunaren beste adibide bat da proba hau”.
Halaber, pozik agertu da lasterketa horretan emakumeek duten parte-hartze handiarekin. Izena emandako pertsonen % 52 emakumeak dira, eta ehuneko hori % 68koa da 5 kilometroko proban. “Bereziki harro gaude errealitate horretaz, hiriak kirol-jarduera berdinzaleago eta inklusiboago batekin duen konpromisoa islatzen baitu”. Gainera, kanpoko 400 parte-hartzaile baino gehiago iritsiko dira Donostiara, eta horrek lasterketaren erakargarritasuna indartzen du.
Milia Berdea eta lehia-probak
Jardunaldia 20:00etan hasiko da, Milia Berdearekin: 1,7 kilometro inguruko proba solidarioa da, eta Minbiziaren Aurkako Elkartearen Gipuzkoako Ordezkaritzari ematen zaio bildutako dirua. Parte-hartzaileek dortsal solidarioak erosi ahal izan dituzte, 5 eta 10 euroko ekarpenak eginez.
Ondoren, 5 kilometroko lasterketa egingo da, irteera 20:45ean izango da; eta jarraian, 10 kilometroko lasterketa egingo da, irteera 21:45etan izango da.
Ibilbidea Saguestik abiatu eta hiriko espazio enblematikoenetako batzuetatik igaroko da, hala nola Zurriola etorbidetik, Kursaal ingurutik, Santa Katalina zubitik, Grosetik eta Ategorrietatik, eta abiapuntuan amaituko da. 10 kilometroko lasterketako parte-hartzaileek bi bira emango dizkiote zirkuituari.
Aktualitatea
Aktualitatea