Albisteak

Bentaberri Udal Kiroldegiaren ondoan dagoen hiriko lehen parcour parkea ireki da

2023-10-10

Donostiak badu parcourra praktikatzeko lehen parkea, Bentaberri Udal Kiroldegiaren ondoan. Donostia Kirolak amaitu ditu kirol-gune berri hori prestatzeko lanak. Herritarrek gehien bozkatu zuten proiektuetako bat izan zen, aurrekontu parte-hartzaileen bidez.

Bidean agertzen diren oztopo arkitektonikoak eta urbanistikoak gainditzea da parkourra, gorputzaren beraren laguntza bakarrarekin, eta jauzi egin, igo, korrika egin, biratu, kulunkatu behar da. Praktikatzen dutenek — traceurs deiturikoek — indarra, abiadura, arintasuna, koordinazioa, kontrola eta sormen ugari konbinatu behar dituzte. Neurri batean, parkourrak oztopo lasterketa klasikoen antza du.

Donostia Kirolak eraikitako parcour zirkuitu honek 300 m2-ko azalera du, eta hormigoi arkitektonikoz aurrefabrikatutako moduluen bidez egiten da, granitozko akaberarekin, helduleku handiagoa izateko. Espazio osoa segurtasun-zoladurarekin babesten da, eta behar duten elementu altuen inguruan gerta daitezkeen erorikoak xurgatzen ditu.

Elementuen antolamendua enpresa espezializatu batek diseinatu du, eta elementuen arteko neurriak eta distantziak eta inguru-hormetarako distantziak adierazi ditu, azken horiek ere zirkuituaren parte izan daitezen.

Pista hau eraikitzeko 151.174 €-ko inbertsioa egin behar izan da.

Bentaberrin kalistenia pista bat eraikitzeko esleipena

Baina hori ez da izango Bentaberri guneak izango duen aire zabaleko kirol-gune berri bakarra, Donostia Kirolak dagoeneko esleitu baitio Urbabil enpresari 859m2-ko kalistenia-parke bat eraikitzea kiroldegi horren parean, 199.972 €-tan, eta 3 hilabeteko exekuzio-epea du.

 

Aktualitatea