Alderdi Eder kirol pista handia izango da emakumezkoen kirola ospatzeko

2025-05-15

 

‘Tour Universo Mujer’ ekimenaren bederatzigarren edizioa Donostian izango da aurten. Urriaren 4an eta 5ean Alderdi Eder kirol-gune handi bat bilakatuko da emakumeen talentua eta kirola ikusarazteko, babesteko eta ospatzeko.

Donostiaren hautaketa Madrilen ofizialdu da asteazken honetan, Kirol Kontseilu Goreneko Samaranch Aretoan egindako ekitaldi batean. Iñaki Gabarain Kirol zinegotzia bertan izan zen, eta pozik agertu zen hautaketagatik "gure hiria Europako doako kirol ekitaldi handienetako baten agertoki izango delako".

Hain zuzen ere, Alderdi Eder kiroldegi ibiltaria izango da, 3.000 metro karratu izango dituena. Bertan kirolaz, lehiaketez eta erakustaldiez gozatu ahal izango da, bertako kirolariekin eta txapeldun nazionalekin batera. Baita doan parte hartu jarduera guztietan. Horien artean, antolatzaileek nabarmendu dutenez, "hainbat Master Class daude, gimnasioetako begiraleen edo profesionalen eskutik, hala nola Jessica Exposito zumbaren erregina". Xehetasun guztiak datozen egunetan jakinaraziko dira.

"Ekimen honen helburua emakumeen kirola sustatzea da, gizartean emakumea aintzatesteko oinarri gisa", adierazi du Gabarainek, eta gogorarazi du "Donostia harro egon daitekeela eliteko emakumeen kirolean hiri liderretako bat izateaz, kirolaren eta berdintasunaren hiria izateko konpromiso argia erakutsiz, emakumeen kirolaren ikusgarritasunaren eta garapenaren aldeko apustu garbia eginez".

Gipuzkoako hiriburuarekin batera, Tour Universo Mujer ekimenak Guadalajara (ekainak 7), Segovia (ekainak 14 eta 15) eta Tenerifeko San Cristobal de La Laguna hiriak ere bisitatuko ditu aurten. Kirol Kontseilu Gorenak (CSD), Kirol Gaztea Fundazioak eta Iberdrolak sustatutako ekimena da.

Aktualitatea