2026/27 Kirol Ekintzak kanpainako ikastaroetarako aurreinskripzioak ekainaren 8tik 14ra egin ahal izango dira

2026-06-02

 

Donostia Kirolak datorren denboraldirako antolatutako “Kirol Ekintzak 2026/27” kirol jardueren kanpainak 22.967 plaza eskainiko ditu guztira, 1.601 ikastarotan banatuta, eta udal kirol instalazioetan egingo dira.

2025/26 kanpainan 17.000 pertsona baino gehiagok parte hartu dute, hau da, aurreko ikasturtean baino % 6 gehiagok. Gainera, parte-hartzaileen % 70 emakumeak izan dira.

Jarduera eskaintza zabala
Programazio berriak adin eta maila guztiei zuzendutako 73 kirol modalitate baino gehiago biltzen ditu. Eskaintzak igerilekuko jarduerak aurreikusten ditu, hala nola igeriketa, uretako mantentze gimnasia edo bizkarreko terapia; aretoko jarduerak, hala nola indoor zikloa, pilateak, GAP, TRX, Cross Training, gimnasia, 65 Plus, judoa edo hipopresiboak; baita tenis eta padel pistako ikastaroak eta aire zabaleko jarduerak ere, hala nola running edo surfa.

Ikastaroak irailaren 21ean hasi eta ekainaren 12an amaituko dira.

Izena emateko prozesua
Bentaberri, Bidebieta, Etxadi, Intxaurrondo, Paco Yoldi, Egia, Altza eta Belodromoko jardueretarako dauden plazak zozketa bidez esleituko dira. Parte hartzeko, interesdunek ekainaren 8tik 14ra bitartean egin beharko dute aurreinskripzioa.

Aurreinskripzioa, ahal dela, Donostia Kirolaren webgunearen bidez egin ahal izango da, baina eskaerak Donostia Kirolaren bulegoetan eta Bidebieta, Bretxa, Bentaberri, Egia, Paco Yoldi, Etxadi, Altza eta Intxaurrondoko kiroldegietan ere jasoko dira. Zozketa ekainaren 18an egingo da.

Udaleko gainerako kirol-instalazioen kasuan — Zuhaizti, Manteo, Mons, Pio Baroja, Ondarreta tenisa eta Arte Martzialen aretoa —, interesdunek dagokion klub kudeatzailearekin jarri beharko dute harremanetan, instalazio bakoitzean antolatutako jardueretan izena emateko prozedura kontsultatzeko.

Kirol Ekintzak Aukeran
Ikastaroen ohiko eskaintzaz gain, Donostia Kirolak Kirol Ekintzak Aukeran zerbitzua mantentzen du, pertsona bakoitzari bere kirol jarduera planifikatzeko aukera ematen dion sistema malgua, saio bakoitzaren instalazioa, jarduera, eguna eta ordutegia aukeratuz.

Zerbitzuak hileko kuota bat kontratatzeko edo saio puntualak erreserbatzeko aukera eskaintzen du, astero eguneratzen den programazio baten barruan.

2025/26 ikasturtean, guztira 1.100 pertsonak erabili zuten zerbitzu hori, eta 16.936 eskola erreserba egin ziren, hau da, aurreko ikasturtean baino % 9 gehiago.

Zerbitzuaren balorazio ona.
Kirol-ikastaroetan parte hartu duten pertsonen artean egindako urteko inkestak zerbitzuaren balorazio oso positiboa egiten du, 10etik 8 inguruko puntuazioarekin.

Hobekien baloratutako alderdien artean, honako hauek nabarmentzen dira: begiraleen lana, informazio- eta inskripzio-prozesuak – bereziki online modalitatea – eta eskolen garapena.

 Ikastaroen eskaintza

Aktualitatea