Jarduerak Txistulari Taldea

Igandeetako alboradak
Udal bandak herritarrei ematen dizkien zerbitzuen artean, igande goizetako alboradak dira donostiarrei gehien gustatzen zaizkienetakoak. Txistulariek berek honela kontatzen digute: "Goizeko bederatziak laurden gutxitan batzen gara eta bederatzietan puntuan hasten gara erronda egiten. Gutxi gorabehera, ordu eta laurdenez aritzen gara zortzikoak jotzen. Parte Zaharrean hasten gara, Portu eta San Jeronimo kaleen arteko izkinan. Parte Zaharrean barrena ibili eta gero, Erdialdeko oinezkoen aldea zeharkatzen dugu, Artzain Onaren Katedralaren atzealderaino. Bertatik, Errege-erregina Katolikoen kaletik hain zuzen, Parte Zaharrera itzultzen gara. Han amaitzen da gure ibialdia, Konstituzio plazan.
Eguraldi txarra dagoenean, Parte Zaharrean baino ez dugu jotzen. Eta euri jasa handia dagoenean, Konstituzio plazako arkupeetan soilik. Nolanahi ere, beti saiatzen gara ahalik eta ibilaldirik handiena egiten eta, benetan, edozein zirimirik ez gaitu beldurtzen. Maiz, egin dugu, euriak oztopatu gaituenean, etxeen ertzetatik ibili jo gabe eta aterpeak bilatuz, hainbat geldialditan zortzikoa jo.
Egokiera berezi batzuetan ordutegia aldatu egiten da. Esate baterako, auzoetara joaten garenean, hango ohiturazko orduak errespetatzen ditugu.
Igande goiz arruntetan taldeko zortzi txistulariak ibiltzen gara, besterik gabe. Eta batzuetan, bestelako kontzertuak ematen ditugunean, Santa Zezilia egunean esaterako, Musika Eskolako ikasleak eta inguruetako txistulariak ere biltzen zaizkigu. Alborada bereziak, aldiz, festa apartekoetan jotzen ditugu, tronpeten laguntzaz, era horretan indar handiagoa hartzen dute eta."
Konstituzio plazako eguerdiko kontzertuak
Donostiako txistularien igandeetako beste eginkizun bat kontzertuak ematea da. Irailaren erdialdetik uztaileko azken igande arte, igandero eskaintzen dute, kanpoko konpromisorik ez badago. Konstituzio plazako Udal Liburutegiko arkupeetan egin ohi da eta hamabiak eta laurdenetan hasten da, eta eguerdiko ordu batak aldera bukatzen da. Publikoaren erantzuna igande batetik bestera aldatzen bada ere, oro har, publikoak oso gustura hartzen ditu emanaldiak.
Aipatutako kontzertuez gain, plaza horretan kontzertu bereziak eskaini ohi dira egoerak hala eskatzen duenean. Adibide batzuk:
- Artzain eta Inuden konpartsaren pregoia.
- Euskal Inauteriei eskainitako kontzertu berezia.
- San Ignazio eguna. Bidaia musikala Gipuzkoan barrena.
- Donostiako Aste Nagusiaren hasiera. Euskal Herriko beste txistulari askorekin batera, Kontzertu Nagusia.
Kontzertu didaktikoak
Donostiako Udal Txistulari Banda aitzindaria izan da Kontzertu Didaktikoak egiten. Hogei urte baino gehiago daramatza jarduera horretan, eta urtero hiriko ikastetxeei ikasleen adinetara egokitutako kontzertuak eskaintzen dizkie, euskal musika tradizionala eta, batez ere txistuaren tradizioa ezagutzen eta maitatzen has daitezen.
Bestelako kontzertuak
Hainbat erakunde eta musika antolakundek urtero eskatzen diote Udal Txistulari Bandari beren ekitaldietan parte hartzeko. Kontratazioa Musika Eskolaren bitartez egiten da nahi duenak web orri honetan bertan dauka harremanetan jartzeko aukera..
Protokolo ekitaldiak
Udalaren Txistulari Bandak betetzen dituen lan garrantzitsuenetako bat Donostiako Udalak egiten dituen protokolo saioei itxura ematea da (harrerak, inaugurazioak, dominak ematea...). Horrelakoetarako, traje tradizional bat dago, bai eta protokolozko errepertorio tradizional bat ere.