Gaztea
Donostian, gazteria ez da "etorkizuna" bakarrik: oraina da, hiria mugitzen duen motorra, eraldatzen duen sormena eta bizitza ematen dion energia.
Hazi, ikasi eta nork bere proiektuei ekitea edozein gaztek egin dezakeen gauza da laguntza eta aukerak ematen zaizkionean, gazteekin batera aurrera egin nahi duen hiri baten eskutik joanda.
Donostia erritmo askotan bizitzeko egindako hiria da, eta bertan gazte bakoitzak bere lekua, bere komunitatea eta bere bidea aurki ditzake.

Donostiarren % 21,5ek 15 eta 34 urte artean ditu
4 unibertsitate eta LHko 17 zentro hirian
Sinatutako lan-kontratu berrien % 56 35 urtetik beherakoei dagozkie
Bizi-proiektu bat eraikitzen hastea
Gazteen erronka handienetako bat etxebizitza duina eta eskuragarria lortzea da. Donostiak bultzatzen ditu:
- alokairu babestuko udal-programak
- laguntza ekonomikoak
- eta emantzipaziorako lehen urratsetan laguntzeko aholkularitza.
Hiriak apustua egin du hiri eredu baten alde, gazteek beren bizi-proiektuari ekiteko modua izan dezaten.
Etorkizunerako tresnak
Gazteriari hezkuntza arautuan hasi eta espezializazioraino laguntzen dion ikasketa-ingurunea dugu.
Hirian ikastetxe ugari daude, 4 unibertsitate eta Lanbide Heziketako 17 zentro, eskaintza zabala eta gaur egungo beharretara egokitua eskaintzeko.
Gainera, hiriak hainbat ekimen bultzatzen ditu, hala nola orientazio-programak, praktikak, bekak, eta gazteenek beren indarguneak ezagutzeko, lan-merkatuarekin konektatzeko eta etorkizun profesionalerako bidea egiteko espazioak.
Identitate- eta topaketa-guneak
Eskaintza kultural zirraragarria, plurala eta eskuragarria dugu. Izan ere, espresatzeko, elkartzeko, ikasteko eta gozatzeko aukera ematen digute 17 udal-liburutegik, 10 kultura-etxek, nazioarteko jaialdiek, kaleko ekitaldiek eta sormen-guneek.
Udalak gazteei bereziki zuzendutako proposamenen aldeko apustua egiten du, hala nola kontzertuak, kaleko jarduerak eta arte, musika eta teknologiako proiektuak, partaidetza eta sormena sustatuz.
Gazteria aktiboa
Kirola ere funtsezko pieza da Donostiako gazteen bizitzan. Udal-kiroldegien sareak, hiriko kirol-espazioek, klubek eta aire zabaleko jarduerek aukera ematen dute aktibo mantentzeko, sozializatzeko eta hainbat balio lantzeko, hala nola ahalegina, laguntasuna eta inklusioa.
Hiriaren parte izatea
Gazteen ahotsa ezinbestekoa da Donostia irekiagoa, dinamikoagoa eta anitzagoa eraikitzeko. Horregatik, hiriak gazteen partaidetzarako espazioak, boluntariotza-programak eta auzo-proiektuak sustatzen ditu, beren kezkak adierazteko, ideiak proposatzeko eta ingurunea hobetzen laguntzeko.
Donostiak bere gazteria protagonista izatea nahi du, erabakitzeko, esperimentatzeko eta eraldatzeko espazioa izatea, bizitza sozial eta komunitarioaren parte aktiboa izanik.