Berritzailea
Donostia Zientzia eta Ezagutzaren hiria da. Eta hori ez da lelo hutsa, baizik eta Estatuko Berrikuntza Ministerioak hiru urtez emandako izendapena, eta Europako Erkidegoak ere izaera hori aitortu dio; izan ere, 2026ko Berrikuntzaren Europako Hiriburuaren Sarietako erdifinalista izendatu du, "Europako Hiri Berritzaile eta Emergente" kategorian.
Berrikuntza hiri-apustua baino gehiago da, berrikuntzaren bidez etorkizuna irudikatu, herritarren bizitza hobetu eta gaur egungo erronka sozial, ekonomiko eta urbanoei erantzuten dieten irtenbideak sortzen dira.
Donostiak berrikuntzaren bidetik egiten du aurrera, ezagutza, talentua, sormena eta eragile publiko, pribatu eta komunitarioen arteko lankidetza uztartuz.
Udalak berrikuntzaren alde egiten duen apustua argia da, eta zientzia eta teknologia sektoreko enpresa eta profesionalak erakartzea da bere estrategiaren jopuntua, talentua erakartzeko ingurune aproposa sortuz.

6.800 pertsonak lan egiten dute hiriko I+G arloan (EAEko guztizkoaren % 18,6)
Zientzia, teknologia eta zerbitzu aurreratuak Donostiako BPGaren ia % 50 dira.
Biztanle bakoitzeko, 1.936 €-ko inbertsioa egiten du Donostiak berrikuntzan, autonomia-erkidegoko batez bestekoaren bikoitza baino gehiago
Ikerketa-sarea eta erreferentziazko zentro zientifikoak
Donostia nazioarteko erreferentea da jakintzagai askotan, bertan dagoen zientzia eta teknologia zentroen sareari esker. Elkarrekin lanean ari dira 4 unibertsitate, handitzen ari den parke teknologiko bat, 7 enpresa-zentro, 3 enpresa-parke, ikerketa-zentroak eta berrikuntza-laborategiak, denen artean ekosistema bat osatuz, biozientzia, material aurreratuak, fisika, teknologia edo osasuna bezalako arloetan abangoardiako ezagutza sortzeko.
Diziplina anitzeko ekosistema horrek aukera ematen du zientzia zirkulatu dadin erakundeen, enpresen eta herritarren artean, eta horrek ingurune bat sortzen du ezagutza partekatzeko eta aplikatzeko, eta hirian benetako inpaktua eragiten duten irtenbideak aurkitzeko.
Erreferentziazko ikerketa eta zientzia guneen sarea
Zientzia ez da laborategietan bakarrik bizi: kalean, zerbitzu publikoetan eta hiria eraikitzen duten erabakietan hedatzen da. Ikerketa zientifikoa aplikatzen da hiri-erronkei aurre egiteko, hala nola mugikortasun jasangarriari, klima-aldaketari, energia-kudeaketari, irisgarritasunari edo komunitatearen osasunari.
Hiriak ikertzaileak, administrazioa eta gizarte-eragileak lotzen dituzten proiektuak sustatzen ditu, ezagutza zientifikoa politika publiko eraginkorrago eta herritarrentzako hobekuntza zuzen bihur dadin bultzatuz.
Talentua, prestakuntza aurreratua eta etorkizunerako aukerak
Donostiak aktiboki lan egiten du talentu zientifikoa erakartzeko, prestatzeko eta atxikitzeko. Hiriak prestakuntza aurreratuko programak, praktikak eta garapen-aukerak sustatzen ditu, ezagutza-sektoreetan hazi nahi duten ikasle, ikertzaile gazte eta profesionalentzat. Ikastetxeen, enpresen eta administrazioaren arteko lankidetzak talentua zaindu, bultzatu eta garatzeko benetako aukerak aurkitzen dituen ingurunea sortzen du.
Helburua argia da: zientzia bertan geratzeko, bizi-proiektua garatzeko eta hiriari ekarpena egiteko aukera izatea.