Udalak auzoetako hiri-altzarien kontserbazioa, konponketa eta margotzea indartu du

300.000 euro bideratuko ditu bankuak, barandak, eskudelak, kale-argiak eta bestelako elementuak konpontzeko

2026/08/31 argitaratua


 

Donostiako Udalak hiri-altzariak kontserbatzeko, konpontzeko, mantentzeko eta margotzeko kanpaina berri bat jarri du abian, hiriko auzoetako kale, plaza eta espazio publikoetan dauden elementuen egoera pixkanaka hobetzeko.

Astelehenean hasi ziren lanak, eta Pinturas y Contratas Picón enpresa ari da horiek gauzatzen. Enpresa hori da zerbitzu-kontratu horren adjudikazioduna —300.000 euroko aurrekontua du (BEZa barne) kontratu horrek—, eta urtebeteko iraupena aurreikusten da lanak egiteko, edo bestela, aurrekontu erabilgarria amaitu artekoa.

Jarduketak hiri-altzarien hainbat elementutan esku hartzea aurreikusten du, batez ere bankuetan, barandetan, eskudeletan eta kale-argietan, nahiz eta Udalaren helburua margotze-lan hutsetik harago doan. Kanpaina horren helburua da dagoeneko ezarrita dauden elementuen bizitza baliagarria kontserbatu, konpondu eta luzatzea, haien itxura berreskuratzeko eta auzo bakoitzaren berezko hiri-nortasuna eta -paisaia osatzen duten osagaiei balioa emateko.

Lehenengo lanak Bidebietan eta Altzan egiten ari dira, zehazki Altzako alkatetzaren inguruan, eta datozen hilabeteetan hiriko beste eremu batzuetara ere hedatuko dira.

Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotzi Iñigo Garcíak azaldu duenez, "kontratu honek funtsezkotzat jotzen dugun lan bat indartzeko aukera ematen digu: gure egunerokotasuna osatzen duten eta, kasu askotan, auzo bakoitzaren irudiaren eta izaeraren parte diren elementuak kontserbatzea eta zaintzea".

Garcíak azpimarratu duenez, "ez gara baranda edo banku bat margotzeaz bakarrik ari, baizik eta denboraren poderioz higadura, korrosioa, pintura-geruzen metaketa, eranskailuak edo narriadura txikiak jasaten dituzten elementuak berreskuratzeaz, era horretan, elementu horiei kontserbazio-baldintza egokiak eta irudi zaindua itzultzeko".

Eremu osoen araberako jarduketak

Kanpaina honen irizpide nagusietako bat izango da eremu osoen araberako jarduketa-sistema baten bidez egingo direla lanak. Horrela, elementu isolatuetan soilik esku hartu beharrean, ingurune jakin bat mugatzen da eta haren barruan dauden hiri-altzarietan jarduten da, modu bateratuan.

Lan-sistema horrek espazio publikoaren hobekuntza homogeneoagoa eta hautemangarriagoa lortzea ahalbidetzen du, eta, aldi berean, jarduketen plangintza ordenatuagoa egitea errazten du. 

Udalak, gainera, arreta berezia jarri nahi du eremu bakoitzeko elementu bereizgarrietan, hau da, diseinuagatik, kokapenagatik, antzinatasunagatik edo presentzia jarraituagatik auzoetako ohiko paisaiaren parte direnetan.