Udalak Gipuzkoa plazako bideak berritzen amaituko du

Jarduketa horri esker, zoladuraren 960 metro koadro hobetuko dira

2026/10/30 argitaratua

Donostiako Udala Gipuzkoa plazako bideak berritzen ari da, haien kontserbazioa eta igarotze-baldintzak hobetzeko. Lanek 66.300 euroko inbertsioa dute, eta horien bidez gutxi gorabehera 960 metro koadroko azalera konponduko da.

Esku-hartzeak jarraipena ematen die 2022ko azaroan egindako lanei, orduan parkeko bideen iparraldeko erdia konpondu baitzen. Oraingo honetan, jarduketak aukera emango du gainerako bideen zoladura berritzeko, hain zuzen ere eguneroko erabileraren eta oinezkoen joan-etorri jarraituaren ondorioz, higatuta baitzeuden, eta gorabeherak, legar falta eta eremu hondatuak baitzituzten.

Lanen bidez, bideak berriro ere berdinduko dira eta horien oinarria berrituko da, 15 zentimetro inguruko zabor-legarrezko geruza batekin, eta, ondoren, hartxintxar txikizko geruza bat jarriko da gainazalean. Horrela, zoruaren uniformetasuna hobetuko da, lorategi historiko honen bereizgarri den eta bere paisaia-identitatearen parte den zoladura tradizionala aldatu gabe.

Gainera, lan horiek egiten ari direla aprobetxatuko da argiteria publikoaren kanalizazioa eta ureztatze sistema ere berritzeko, eta horrela, lehendik dauden azpiegiturak ere hobetzeko.

Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotzi ordezkari Iñigo García Villanuevak azpimarratu duenez, “Gipuzkoa plaza lorategi bat baino askoz gehiago da. Donostiar askorentzako topagune eta igarobide bat da, gure eguneroko bizitzaren eta hiriaren nortasunaren parte den espazio bat. Hain zuzen ere, gune horren erabilera hain bizia denez, etengabe mantendu behar da, espazioaren edertasunari eusteko eta bideak egoera onean daudela bermatzeko”.