100 ekitalditik gora Donostiako auzotan Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko

Azaroaren 22tik abenduaren 13ra 

2026/11/20 argitaratua

2026ko Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko, ekintza ugari biltzen dituzten egitarauak antolatu dituzte hiriko hamasei auzotan: Aieten, Altzan, Amaran, Amara Berrin, Antiguan, Añorgan, Bidebietan, Egian, Grosen, Ibaetan, Intxaurrondon, Loiolan, Loiolako Erriberan, Martutenen, Morlansen, eta Parte Zaharrean.

Horietan, 100 ekitaldi baino gehiago izango dira azaroaren 22tik abenduaren 13ra.  Horren harira, Kerman Orbegozo zinegotziak goraipatu egin du auzoetako batzorde eta taldeek egin duten lana: “Euskara batzordeek jarduera horiek guztiak antolatzeko egindako lana azpimarratu eta eskertu egin behar da. Guztira, 47 eragile aritu dira lanean auzoetako egitarauak antolatzen eta hori nabarmentzekoa da. Modu altruistan lan egiten duten pertsona askoren konpromisoaren eta udalaren eta batzorde eta erakunde desberdinen arteko lankidetzaren emaitza da”. 

Ekintza horiek guztiak ezagutzera emateko, auzo bakoitzeko egitarauarekin  eskuorriak eta kartelak argitaratu ditu Udaleko Euskara Zerbitzuak eta auzoetan banatzen hasi da jada. 

Era guztietako ekintzak hirian zehar

Ekintza sorta zabala eta anitza prestatu dute auzoek datozen egunetarako:

  • batetik, kultur-ekintzak (antzezlanak, film-proiekzioak, liburu-irakurketak eta literatur-solasaldiak, kantu-jirak, bertso-saioak, musika edota dantza emanaldiak, eta abar);
  • bestetik, helduen artean euskara sustatzeko egitasmoak (mintzodromoak, elkarretaratzeak, hitzaldiak eta abar),
  • eta, azkenik, haurrentzako eta gazteentzako jarduerak edota familian egitekoak (ipuin-kontalariak, lehiaketak, pailazoak, jokoak, jolasak eta abar)

Ekintza horietatik guztietatik, Kerman Orbegozok gutxi batzuk nabarmendu nahi izan ditu: “Intxaurrondon Porrotx, Marimotots, Pupu, Lore eta Marigorringo pailazoak izango dira; Eskola dantza-taldearen emanaldia Amaran; Auzo Bira Antiguan; Parte Zaharrean kantu-jira eta bertso-saioa; Nik ere egin nahi dut elkarretaratzea Añorgan, mintzodromoak Altzan, Amara Berrin eta San Telmon; bertso-saioa eta bertso-afaria Grosen; Ibaeta-Euskara-Elkarrekin Jaia Ibaetan; eta Aieteko Izarrak talentu-lehiaketa Aieten".

Photocall ibiltaria eta oparia

Auzoetako batzordeek eta taldeek lekuan leku antolatutako ekitaldien artean, nabarmentzekoa da auzoz auzo eramango den Euskaraz barra-barra photocall ibiltaria. Photocall horren aurrean argazkia atera nahi duten pertsonek euskara erabiltzeko duten konpromisoa publiko egingo dute eta horren truke, opari bat jasoko dute.

Photocall-a auzoz auzo eta egunez egun:

  • Azaroak 22, AMARA BERRI, Isabel II.aren hiribidea 5, 12:30-14:30
  • Azaroak 27, INTXAURRONDO, Bernart Etxepare plaza, 17:30-19:00
  • Azaroak 27, AÑORGA, Harrobiaren plaza, 20:00-21:30
  • Azaroak 28, ANTIGUA, Alfonso XIII.aren plaza (eliz aurrea), 11:30-13:30
  • Azaroak 28, ALTZA-HERRERA, Herrerako tren geltokiaren plaza, 14:30-16:00
  • Azaroak 28, BIDEBIETA, Julio Urkixo pasealekua 44, 18:00-19:30
  • Azaroak 29, MORLANS, Leire plaza, 12:30-14:00
  • Abenduak 4, EGIA, Iruresoro plaza, 18:00-19:30
  • Abenduak 5, LOIOLA, Eliza kalea, 12:30-14:30