Haurreskola berriek ekainaren 29an irekiko dute izena emateko epea
Zentro berrietan izena emateko ezohiko epea uztailaren 8ra arte izango da
2026/06/24 argitaratua
Donostiako Udalak jakinarazi du ezohiko epe bat izango dela irailaren 4an irekiko diren haur-eskola berrietan izena emateko; izan ere, Haurreskolak Partzuergoarekin batera sustatu eta handitu egingo baita 0-2 urteko haur-hezkuntzako sare publikoa, eta, hala, haur-eskola berri batzuk ere izango dira.
Interesa duten familiek ekainaren 29tik uztailaren 8ra (biak barne) izango dute eskabideak Udalinforen bulegoetara bertara joanda aurkezteko modua. Deialdi hau 2025ean eta 2026an jaiotako haurren familiei eta legezko tutoreei egina da.
Hauek dira hiriko sarean sartuko diren haurreskola berriak:
• Donostiako Haurreskola – Gros.
• Donostiako Haurreskola – Intxaurrondo Hegoa.
• Donostiako Haurreskola – Loiolako Erriberak.
Zentroz aldatzeko eskaerak
Plaza bat duten familiek edo ekainaren 26ko behin betiko zerrendetan lortu dutenek ere eskatu ahal izango dute haurreskola berriren batera aldatzea. Horretarako, beste inskripzio bat egin beharko dute, eta eskatutako dokumentazio guztia berriro aurkeztu.
Ane Oyarbide Berdintasuneko zinegotziak azpimarratu duenez, «izena emateko aparteko epe hori berri ona da lana, bizitza pertsonala eta familia uztartu ahal izateko baliabide publikoak behar dituzten Donostiako familia askorentzat. Haurreskoletan plaza gehiago izateak eta plaza horiek eskuratzeko modua errazteak lagundu egiten du familiek euskarri gehiago izan ditzaten haurrak hazteko etapa garrantzitsu horretan».
Bestalde, Arantxa Lopez Hezkuntza eta Gazteriako zinegotziak prozesu honetan parte hartzera animatu ditu zerbitzua interesatzen zaien familiak, eta azpimarratu duenez, «familia guztiek ezohiko epe hori ezagutzea nahi dugu, eta hezkuntza- eta kontziliazio-aukera hori baloratu ahal izatea. Gero eta eskari handiagoa dago zerbitzu honena, eta horri erantzuten dio haurreskola berri horiek irekitzeak, eta aukera ematen digu Donostiako auzo gehiagotara funtsezko zerbitzu publiko bat hurbiltzen jarraitzeko, bizitzaren lehen etapetatik izateko kalitatezko hezkuntzarako sarbidea», gaineratu du zinegotziak.
Informazio guztia eskuragarri dago Haurreskolak Partzuergoaren webgunean. Edozein kontsulta egiteko, Haurreskolak Partzuergoaren Gipuzkoako Plangintza Sailera jo daiteke, helbide elektroniko hau erabilita: planifikazioa.gipuzkoa@haurreskolak.eus.