Hurrengo belaunaldien Donostia definituko duen hirigintza Plan Orokorra aktibatu da
Alkateak Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren idazketaren kontratazioa onartu duela iragarri du
2026/09/15 argitaratua
Tokiko Gobernu Batzarrak gaur onartu du Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) idazteko kontratazio-espedientea, datozen hamarkadetarako hiriaren hirigintza-konfigurazioa definituko duen dokumentua. Plan hori publizitaterik gabeko prozedura negoziatuaren bidez enkargatuko da, eta Donostiako udal-mugarte osoari aplikatu beharreko hirigintza-arauak jasoko ditu. Jon Insausti alkateak azpimarratu duenez, "gaur jarri dugu martxan gure hiria nolakoa izatea nahi dugun zehaztuko duen dokumentuaren tramitazioa".
Jon Insaustik gogorarazi du proiektu hau duela 15 urte baino gehiago diseinatutako Plan bat berrikustera datorrela. "Beraz, korapilo erraldoi bat askatuko dugu. Erronka berriak daude hirian eta erantzun berriak eman behar ditugu. Plana belaunaldi berrientzat datorren Donostia eraikitzeko prest dago, errezeta zaharrek ez baitigute balio".
Hiriaren etorkizuna bultzatu
Alkateak Planaren potentziala eta donostiarren etorkizunean izango duen eragina nabarmendu nahi izan ditu: "Etxebizitza beharrak marraztuko ditu, hau da, sustapen berriak non kokatu, baina Donostiako jarduera ekonomikoaren kokalekuak ere ezarriko ditu. Auzoek kalitatezko zerbitzu eta ekipamenduei dagokienez dituzten beharrak jasoko ditu, eta bizi-kalitateko inguruneak (birika berdeak) detektatuko ditu. Azken finean, plan honek Donostian non bizi, non lan egin, non ikasi, non erosi edo aisialdirako espazioak non sortu jasoko du ", amaitu du Insaustik.
Kontratuaren iraupena 48 hilabetekoa izango da, eta prezioa 1,6 milioi eurokoa izango da. Jon Insaustik gogorarazi duenez, "aurrekontuak berrikusi eta lehentasunak ezarri ditugu, donostiarren beharrei erantzuten dieten proiektuak ez ditugulako minutu bat ere atzeratu nahi".
Alkateak adierazi duenez, "Donostiaren eraldaketa nagusia bultzatu nahi dut, eta Plan hau horretarako beharrezko tresna da". Gaineratu du "parte-hartze zabala beharko duen Plana" dela. Aipatu duenez, "hiriak garapenerako aukera asko eskaintzen ditu, adibidez, hiru ardatz kontuan hartuta:
- Urumeako ardatza (jada marrazten ari dena),
- Chillidakoa (Haizearen Orraziaren eta Chillida Lekuren artekoa)
- ekialdekoa, Pasaiako badiakoa eta Altzaberriko ardatza dei dezakeguna