Udalak plaka bat jarriko du Luis García Lozanoren omenez
Lurreko Armadako koronela ETAren biktima izan zen duela 35 urte eta datorren larunbatean gogoratuko dute Foruen pasealekuan
2026/06/02 argitaratua
Donostiako Udalak plaka bat jarriko du datorren larunbatean, ekainaren 6an, 1991ean ETAren biktima izan zen Luis García Lozanoren omenez. Ekitaldi honekin, Udalak duela bi legealdi terrorismoaren eta indarkeria politikoaren biktimei gune publikoan ikusgarrita-suna emateko bultzatutako ekimenaren barruan hirian jarri dituen 38 plaka batuko dira.
Ekitaldia datorren larunbatean izango da, ekainaren 6an, 12:00etan, Foruen pasealekuko 4. zenbakiaren parean, hiriaren Erdialdean. Beste batzuetan bezala, omenaldi xume bat izango da, eta bertan parte hartuko dute Jon Insausti Donostiako alkateak, udaleko taldeetako ordezkariek eta biktimaren senideek.
Luis García Lozano, 56 urtekoa, Cetinakoa (Zaragoza), Amarako bizilaguna eta 5 seme-alaben aita, Lurreko Armadako koronela eta Gipuzkoako jarduneko gobernadore militarra zen. 1991ko urtarrilaren 2an, Gobernu Militarraren egoitzako lanetik etxera itzuli zen, eguerdian, bere auto ofizialean. Etxaide kaleko eta Foruen pasealekuko bidegurutzean, semaforo gorri batean ibilgailua geratzean, kaputxadun ETAko bi kidek metrailetaz tiro egin zioten eta bertan hil zen.
Terrorismoaren eta indarkeriaren biktimen omenezko plakak
Horrela, Udalak ekimen hau garatzen jarraitzen du gure hirian hil ziren terrorismoaren eta motibazio politikoko indarkeriaren biktimen memoria eta ikusgarritasuna espazio publikoan berreskuratzeko.