Cristina Eneako paumen populazioaren zati batentzat kokapen berriak aztertzen ari da Udala
Populazioaren hazkundea dela eta, animalien ongizatea bermatzeko hiriko beste naturgune batzuetara eramatea litzateke aukera
2026/06/17 argitaratua
Azken asteotan pauma aleak ikusi ahal izan dira hiriko hainbat lekutan, bereziki Tabakaleraren inguruan, etorkizuneko Atotxako geltokiaren inguruetan eta Cristina Enea parketik hurbil dauden beste espazio batzuetan. Ale gazte batzuen portaera naturalari erantzuten dio. Izan ere, garapen fase horretan esploratzeko joera handiagoa izaten dute, eta aldi baterako parketik kanpo zabaltzen dute beren ohiko mugimendu-eremua.
Donostiako Udaleko Ingurumen Sailak lasaitasunerako deia egin du, eta gogorarazi du mugimendu horiek espeziearen ohiko portaeraren parte direla eta ez dutela inolako arriskurik sortzen herritarrentzat.
Iñigo García Villanueva Ingurumen zinegotzi ordezkariak adierazi duenez, "paumak Cristina Enearen nortasunaren parte dira duela hamarkada askotatik, eta hiriko irudirik ezagunenetako bat dira. Parketik kanpo ikusteak arreta piztu dezake, baina espazio eta lurralde berriak esploratzen ari diren ale gazteen portaera naturalari erantzuten dio. Horregatik, herritarrei dei egiten diegu animalia horiek errespetatu ditzaten parketik kanpo daudenean, haien atzetik ez ibiltzeko, ez elikatzeko eta haien portaera ez aldatzeko. Pertsonen presentziara ohitutako animaliak dira, baina lasaitasuna behar dute normaltasunez mugitu eta garatu ahal izateko".
Cristina Eneako pauma-populazioak gora egin du azken urteotan. Bilakaera horretan eragina izan duten faktoreen artean daude 2023tik indarrean dagoen Animalien Ongizateari buruzko Legeak ekarritako babes-neurriak, baita parkean egiten diren jarraipen- eta zaintza-lanen indartzea ere. Horrek guztiak, espeziearentzat baldintza egokiekin batera, aleen biziraupena eta ugalketa handitzea ahalbidetu du.
Animalien ongizatea bermatzea
Egoera horren aurrean, Udala animalien ongizatea bermatu eta parkearen barruan oreka egokia mantentzeko irtenbide batean ari da lanean. Aztertzen ari diren aukeren artean dago aleen parte bat hiriko beste naturgune batzuetara lekualdatzea. Aztertzen ari diren alternatiben artean daude Aieteko parkea, Ulia edo Ametzagaina bezalako espazioak; espeziearentzat ezaugarri egokiak dituzten inguruneak dira, eta bertan hegaztiek erdi-askatasuneko erregimenean bizitzen jarraitu ahal izango lukete.
Hala ere, balizko edozein lekualdaketak aurretik animalien ongizatea bermatzeko beharrezko baldintzak egokitzea eskatuko luke. Horretarako, beharrezkoa izango litzateke:
- Ur naturala edo gune heze hurbilak dituzten espazioak prestatzea
- Itzal eta babesguneak
- Elikadura-puntuak
- Atseden hartzeko gune lasaiak
- Paumek lo egin eta harrapariengandik babesteko adinako altuera duten zuhaitzak izatea
"Denbora daramagu irtenbide arduratsu eta planifikatu batean lanean. Ez da animaliak leku batetik bestera eramatea soilik; haien ongizatea eta egokitzapena baldintza egokietan bermatuko dituzten espazioak aurkitzea da helburua. Hartzen den edozein erabaki irizpide teknikoetan, ingurumen-irizpideetan eta animalien ongizatean oinarrituta egongo da", azaldu du García Villanuevak.