Donostiako Udalaren Txistulari Taldeak denboraldi berria abiatuko du irailaren 27an

Kontzertuak igandero izango dira Konstituzio Plazan, 12:15ean

2026/09/23 argitaratua


Udazkenarekin batera, urtero bezala, Donostiako Udalaren Txistulari Taldeak igandero eskaintzen duen kontzertu-denboraldia abiatuko du. Aurtengoa irailaren 27an hasiko da eta, astero-astero, euskal txistularien tradiziozko doinuz osaturiko kontzertuak eskainiko ditu taldeak.

Emanaldietan dantza, kantu, biribilketa edota kontzertu obrak entzuteko aukera izango da, hiru zuloko euskal txirularen musika-aukera zabala erakutsiz. Kontzertuak Konstituzio plazan eskainiko dira, Udaletxe zaharreko arkupeetan, igandero, 12:15ean hasita.

Lehen igandeko programa denboraldian zehar eskainiko diren kontzertuen eredu izango da. Euskal danbolinteroen errepertorioko hainbat pieza joko dira, besteak beste, Marrubizkoa, Ordizia, Ametsetan eta Gabiltzan kalez kale. Lehen kontzertu honetan hala izango ez bada ere, zenbait programatan txisturako berariaz sortuak ez diren obrak ere eskainiko ditu udal taldeak.

Denboraldian zehar, txistuaren errepertorio historiko eta herrikoiaz gain, garai eta estilo desberdinetako obrak ere izango dira entzungai. Taldearen helburua txistuaren eta haren errepertorioaren aberastasuna eta aukera musikalak erakustea da, tradizioari eutsiz eta, aldi berean, ikuspegi garaikideari lekua eginez.

Hiria musikaz betetzea da txistularien lan nagusietako bat, eta horretan ariko dira irailaren 27tik abuztura bitartean, igandero kontzertuak eskainiz Konstituzio plazan, 12:15ean.